'Urdelardero, urdaixa jan ta garbaixa gero', entzunena gaur goizean

Mirian Biteri 2012ko otsailaren 16a

Urdelardero eguna egiten dabiltza herriko umeak. Goizean, kalejiran kantuan ibili dira; Jose Aranakoak Olaeta eta Aranburuzabala aldetik, eta Luis Ezeizakoak, ostera, Intxaurtxuetako ingurunetik. Azken horiek zaharren egoitzatik ere pasa dira. Gero, plazan elkartu dira guztiak, batera abesteko eta txistorra beroa jateko.

Guztira, Luis Ezeiza herri ikastetxeko eta Arizmendiko Jose Arana guneko 200 neska-mutiko ibili dira gaur goizean kantuan. Aurten, Arizmendiko Almeneko Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailakoak ez dira kalera jaitsi.

Eguraldiak larregi laguntzen ez bazuen ere, 10:30ak pasata irten dira abesten; askok ziria eskuetan zutela hasi dute ibilbidea. Sagarra, txorizoa eta ogiarekin ondo beteta gainera. Kantuan ibiltzen ziren bitartean, horiek jateko aprobetxatu dute askok, eta plazara heldu direnerako, ziria hutsik zuten.

Gozokiak

Esan bezala, Intxaurtxuetatik plazarako bidean, zaharren egoitzatik pasa dira Luis Ezeizakoak. Han dauden aitita-amonen aurrean Urdelardero abestu, eta trukean, gozokiak jaso dituzte. Behin kalejiran amaitutakoan, Herriko Plazan elkartu dira guztiak, eta indarrak berreskuratzeko, txistorra jan dute.

Egunari amaiera emateko, Hipo eta Tomax pailazoen ikuskizuna izango dute udal pilotalekuan, eta jarraian, txokolate jana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak