Iker Eskibel: "Neguan, bizikletan baino gehiago, basurdetan ibili naiz, baina motibatuta nago denboraldi berria dela eta"

Xabier Urtzelai 2012ko otsailaren 14a

Dorletako Amako talde berriarekin afizionatu mailan denboraldia hasteko irrikan dago Iker Eskibel (Eskoriatza, 1993), nahiz eta onartu duen negua ez duela, bereziki, gogor entrenatzeko aprobetxatu. Mendian ibili da gehiago, eskopeta eskuan, basurde bila. Ehiza kontuak alde batera utzita, serio hasi da entrenatzen, ondo daki-eta urte gogorra duela aurrean. Hark, eta afizionatu mailara salto egingo duten debagoiendar guztiek; aspaldiko partez, gainera, asko izango dira.

Kategoriaz salto egingo duen txirrindulari gazte batek zertan ematen du negua?
Lagunekin ibiltzen, baserrian egoten, ehizan... Egia esan, bizikletan apenas ibili naiz, eta lagunen batek dagoeneko esan dit motibazioa falta zaidala, baina ez, negua beste gauza batzuk egiteko aprobetxatzeak ez du esan nahi denboraldi berriaren aurrean motibatuta ez nagoenik. Hasi naiz entrenatzen, eta urtea luzea da, badut gorputzaldi onean jartzeko astia. Gainera, iaz izan nuen afizionatuekin korritzeko aukera, eta ez nuen nire burua horren txarto ikusi. Baina badakit hasierako lasterketetan asko sufrituko dudala; lasterketak amaitzea izango da helburua.

Ehizan ibili zara bizikletan baino gehiago. Non ibiltzen zarete ehizan?
Ni ez naiz usotan ibiltzen, baina basurdeak ehizatzeko uxaldiak egiten ditugu. Normalean, Eskoriatzako inguruan ibiltzen naiz, bertako koadrila batekin.

Ehiza denboraldi ona izan da?
Bueno, ez da apartekoa izan, baina basurde batzuk ehizatu ditugu. Inguruan basurde asko daude, baina haien arrastoa bilatu behar izaten da lehenago.

Ehizatutakoa jatera, elkartera?
Txorizoak egiten dituzte basurdeekin.

Ez da, ba, txirrindulari bati gehien komeni zaiona.
Hori ere egia da. [Barre]

Zer dela-eta txirrindulari?
Gaztetan pilotan ere jokatzen nuen, baina mendiko bizikletan hasi nintzen lagunekin, eta lasterketetara joaten hasi nintzen; handik errepideko bizikletara egin nuen salto.

Emaitza onenak, baina, mendiko bizikletaz lortu dituzu [besteak beste, Euskadiko txapeldun izan da, eta Euskadiko selekzioaz ere lehiatu da].
Baina errepidean mendiko bizikletan baino maila handiagoa dago, eta baita ziklista gehiago ere.

Noiz estreinatuko duzue Dorletako Amako maillot berria?
Ez dakit, iristear egongo dira, eta badut zelakoak diren ikusteko gogoa. Erakutsi ziguten eredu bat, baina aldaketak egin behar izan dituzte.

Alberto Contadorrek adierazi du, aste barruan, garaipen guztiez oroitzen ez bada ere, afizionatu mailan Gorlan lortutakoa ez duela sekula ahaztuko [Izen hori ei dauka haren txakurretako batek]. 20 minutu pasatxoan igo zuen Gorla, errekorra ezarrita. Hartu duzu inoiz hor denbora?
Ez, oso gutxitan igo dut Gorla eta inoiz ez dut denbora hartu. Aurten lasterketa izango dugu bertan, eta ikusi egin beharko da zelan igotzen dugun, baina seguru 20 minutu baino gehiago beharko ditudala. [Barre] Gaztetatik hasi zen Contador aparteko maila duela erakusten.

Oñatin ari zara Kirol Ekintzak izeneko modulua ikasten. Ze asmo etorkizunari begira?
Ikasketa hauen ondoren Tafyd egin nahiko nuke, baina oraindik ez daukat oso garbi etorkizunean zer egin nahi dudan. Kirolarekin harremana duen zerbait egin nahiko nuke, heziketa fisikoko irakasle... Baina hemezortzi urte ditut oraindik, eta badut astia.

Daukazun adinarekin, eta bizikletan ibilita, amestuko duzu profesional bilakatzea, ala?
Ametsak izatea beti dago ondo, eta gazte guztiok izaten ditugu halakoak buruan, baina argi eta garbi jakinda txirrindulari moduan profesionaletara iristea ze zaila den.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak