Plazatik Atxorrotz aldera doan bidea hartuko dute, eta Makatz gainetik pasatuz Leixargaratera igoko dira. Azkenik Mandobidetik Letera jaitsita herrira itzuliko dira mendizaleak. Tostonek azaldu digu hiru ordu inguruko irteera izango dela; horrekin batera, gaineratu du zailtasun ertainekoa dela eta etxeko edozeinendako aproposa.
Talde Gidaritza Natur Inguruan izeneko modulua egiten dihardu gazte eskoriatzarrak Oñatiko Larraña institutuan, eta modulu horretarako praktikak Ibarraundi museoan egiten dihardu. Hiru hilabete eman ditu han, herritarrei eskaintzeko hainbat mendi ibilbide prestatzen, eta praktikei amaiera emateko antolatu du domekan egingo duten irteera.
"Polita eta erraza"
Eskoriatzarrak jakinarazi digu "korrika egiten askotan" egiten duen ibilbidea dela domekakoa, eta "polita" eta "erraza" iruditzen zaionez, hori egitea erabaki duela. Honakoa aipatu du: "Praktikei amaiera egiteko, irteera bat egitea proposatu zidaten, eta ideia ona iruditu zitzaidan".
Hori bai, gogorarazi du domekan hotza iragarrita dagoela, eta hortaz, neguko arropa aproposa eroateko deia egin die eskoriatzarrei. "Ondo prestatuta joan beharra dago, mendi bota eta guzti. Goian hotz handia egingo du", esan du.
Bizikletan eta oinez egitekoak
Amaitzera doan praktiken gainean ere egin digu berba. Ibarraundin eman dituen hiru hilabeteetan "oso gustura" egon dela dio. Horren harira, honakoa esan digu: "Eskoriatzatik zehar ibilbideak prestatzen egon naiz ordenagailuaz; gero horiek mendian berrikusi behar izan ditut. Denak Eskoriatzatik irteten dira eta elizateetatik pasatzen dira. Ibilbide horietan hartu beharreko bideak oso ondo azalduta daude. Oraindik argitaratu barik badaude ere, asmoa da eskoriatzar guztien eskura jartzea". Horrekin batera, jakinarazi digu bizikletan eta oinez egiteko irteerak gertatu dituela; hain justu, launa modalitate bakoitzetik.