Azpitarte eskoriatzarraren aldeko martxa bihar, Poitierseko espetxera

Monika Belastegi Aranzabal 2012ko otsailaren 10a

Poitiers-Vivonneko (Frantzia) kartzelan bizi baldintza duinen alde borrokan dihardu beste euskal preso batzurekin batera. Martxarekin elkartasuna adierazi nahi diete.

Gorka Azpitarte Eskoriatzako presoari eta harekin batera Frantziako Poitiers-Vivonneko (Frantzia) kartzelan bizi baldintza duinen alde borrokan diharduten presoei elkartasuna adierazteko martxa deitu dute Frantziako espetxe hartara.
Bihar, zapatua, izango da martxa eta hara iristeko autobusa abiatuko da gaur, egubakoitza, Eskoriatzatik 23:00etan, Abadiñotik abiatuko den autobusarekin bat egiteko. Inkernu tabernan edo irrintzia@gmail.com helbidea eman daiteke izena.

Ezin kiroldegia erabili

Eskoriatzako presoen aldeko taldeak jakinarazi duenez, Azpitartek ezingo du espetxeko kiroldegia hilabetez erabili, haren neskalagun Saioarekin –hori ere preso dago espetxe berean– horma baten gainetik berba egiteagatik ezarri dioten zigorra dela eta. Lau eguneko baraualdia ere egin zuen Azpitartek zigorra salatzeko urtarrilean.
Eskoriatzarrarekin batera dagoen Eneko Zarrabeitia preso abadiñarrari ere espedientea ireki diote bisita batean beste preso batekin berba egiteagatik. Zarrabeitia bisitak kristalaren ostetik egitera zigortu dute bi hilabetez, Frantzian ohikoa kristalik gabe egitea den arren. Espetxe horretan daude, baita ere, Saioa Sanchez eta Maite Aranalde. Hala, Berango eta Hendaian ere egin dira mobilizazioak eta martxa ere egingo dute.
Aipatutako neurriok bertan behera laga ditzaten eta Azpitarte zein haren lagunendako bizi baldintza duinak eskatzeko, astean barrena hainbat ekitaldi egin dituzte Eskoriatzan. Batetik, espetxeko zuzendariari eskutitzak bidaltzeko kanpaina egin dute. Gutun horretan, besteak beste, euskal presoen bisitak, bikoitzak izan daitezela eskatzen zaio zuzendariari, izan ere, senideek 1.100 kilometrotik gora egin behar dituztela hara iristeko, horrek dakarren gastu eta arriskuarekin. Horrekin batera, Udalean mozioa  aurkeztekoa da Eskoriatzako presoen aldeko taldea hurrengo osoko bilkuran.

Txomin Azpitarte, Gorkaren aita:

"Herriak ez baditu presoak espetxetik ateratzen, hantxe geratuko dira"

Zeri erantzuten diote halako zigorrek?

Lehenago Orlyn egon zen. Oraingo espetxea berria da; segurtasun handikoa dela diote eta zuzendaria Bordelen egoten da. Hasiera batean, espetxe berrira iritsi zenean zuzendariaren jarrerak ireki samarra ematen zuen, baina bildots larrua zeraman otsoa baino ez zen. Izan ere, tontakeria bategatik zigortu egin zituen Gorka eta Eneko Zarrabeitia. Dena den, eurek ere badiote: arauak urratu badituzte zigorra merezi dutela, baina neurrikoa, ez hain gogorra. Eta horren aurrean hor dabiltza, borrokan zuzendariarekin. Abokatuak errekurtsoa ere jarrita dauka… Guk, hemendik, martxa antolatu dugu elkartasun moduan.

Euskal Herrian bizi den aro berria Frantziara iritsi da?

Ez dut uste. Azken boladan espetxe aldaketa nahiko dago Frantzian, baina bi preso apur bat hurbildu dituztela ikusi orduko, beste bi urrundu egin dituzte. Dena den, itxaropena badugu.

Zer eskatzen duzue?

Lehenik eta behin Frantzian gauzak alda daitezela. Hau da, Gorkak hiru urte darama espetxean, Eneko ia lau, baina oraindik epaitzeke daude. Izan ere, han dago lege bat prebentibo moduan lautik sei urtera egon ahal izateko. Eta gero, gutxienez, Euskal Herrira hurbil ditzatela nahi nuke. Hainbatek pentsa dezake Bildu erakundeetara iritsi delako guztia konponduta dagoela, baina ez da hala. Herriak ez baditu presoak ateratzen espetxetik, han geratuko direla..

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak