Ohiturari jarraituz, gaur herriko lantegietatik eskean ibiltzeko asmoa dute; eta bihar, goizean goizetik baserriz baserri joango dira. Aurtengo Santa Ageda neska-mutilak eskean dabiltzan bitartean, beste urteotako eskoriatzarrek hitzordua jarri dute eguerdian. Eingeinkek antolatuta, Kinttada Eguna egingo dute bigarrenez. Joan den urtean ekintzak izandako harrera ona ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute. Dagoeneko 14 koadrilek parte hartuko dutela jakinarazi dutela; tartean, 1958. urtean jaiotakoak. Txapela edo zapi gorria gainean dutela, eguerdian tabernaz taberna ibiliko dira askotariko kintoak, eta jarraian, bazkaltzera joango dira.
Banako herrikoia
Kinttada Eguna antolatzeko egindako batzarrean hainbat proposamen egin ziren; hori kontuan izan da, eta egitaraua zabaltzea erabaki dute. Hala, arratsaldean, 19:00etan, banako herrikoia egingo dute. Eingeinketik gogorarazi dute herritar guztiak daudela dantza egitera gonbidatuta, eta etxean fandangoa eta arin-arina ondo entseatzeko deia egin dute. Gauean, 23:00etan, Ingo al deu? taldearen kontzertua izango da plazan.