Eskoriatzako San Pedro auzoa berritzeko langileak behar dituzte

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 31

Hastera doaz Eskoriatzako San Pedro auzoko 1 zenbakidun eskape paretik 9. eskaperantz doazen obrak. Horretarako, herriko langabetuendako lan eskaintza deialdia egin dute. Baldintzak betetzen dituztenek eguena, otsailak 2, baino lehen aurkeztu behar dute eskaera Lanbiden.

Udaletik azaldu dute lanok dirauten bitartean bidearen zati bat moztuta egongo dela, eta orain arte aparkalekuetarako erabili izan den gunea ibilgailuak pasatzeko erabiliko dela, kale amaierako aparkalekura iristeko bide bezala. Obra horiekin amaitzean, bidearen beste erdikoekin eta eskapeen aldeko espaloiekin hasiko dira langileak. 

Langabetuendako lan eskaintza

Olloquiegi enpresa arduratuko da lan horiek egiteaz, eta obra esleitzeko egindako baldintza agirian jasotzen den moduan, Eskoriatzako langabetuak hartuko dituzte horretarako. Horren harira, Udaletik gogorarazi dute egubakoitzetik zabalik dagoela obra horien lan egin ahal izateko izenematea; eguenera arte, otsailak 2, egongo da apuntatzeko aukera.

Interesatuek honako baldintzak bete beharko dituzte: Lanbiden langabetu bezala izena emanda egotea eta Eskoriatzan erroldatuta egotea. Lehen mailako ofizialak behar dituzte, gutxienez 10 urteko esperientzia dituztenak hauetako lanbideren batean: iturgintzan, elektrizitatean, saneamendu eta drainaduran, enkofratzaile lanetan, atzerakako hondea-makinak gidatzen edo burdinlari eta metalgintzan ibilitakoak.

Baldintzak betetzen dituzten pertsonek Internet bidez (www.lanbide.net) edo Lanbideko enplegu bulegoan egin beharko dute eskaera, esan bezala, eguena baino lehen.

Obrek lau hilabete inguru iraungo dute. Udaletik aipatu dute zenbait eragozpen sortuko dituztela. Zenbaitetan ur hornidura sarea moztu beharko dela iragarri dute; dena dela, horrelakoetan aurrez abisatuko dutela gaineratu dute. Horrekin batera, azaldu dute saiatuko direla eskapeetako zein lokaletarako pasoak errespetatzen behin behineko pasabideak eginez

San Pedro eta Intxaurtxuetako garajeak erabiltzeko deia

Ez da eragozpen bakarra izango. Obrak direla-eta, kalean dauden aparkalekuaren kopurua gutxitu egingo da. Hori horrela, Udalak San Pedron eta Intxaurtxuetan garajea dutenei, ahal den neurrian, horiek erabiltzeko eta kaleko aparkalekuak libre uzteko deia egin die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak