Martitzenean egingo dute bigarren komunikazio bilera

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 27a

Kudeaketa plana eta aurrekontuen gainean atzo egindako bilerara joan ezin izan zuenak bigarren eta azken aukera izango du martitzenean Ibarraundi museoan, 19:30ean.

Atzo iluntzean ibarraundi museoan egindako batzarra Eskohitza parte-hartze prozesuaren gaineko bideo batekin eta eskoriatzarrek horren harira duten iritziarekin hasi zen.

Horren ondotik, Beñat Herce alkateak azaldu zien aurrekontuari dagokionez, errealitatetik gertuen izango den estimazioa egiten saiatu direla, Udalak dituen helburu eta horiek lortzeko egingo diren ekintzen arabera. Horren harira, adierazi zuen gastuak sarreretara mugatu direla, eta aurtengo estimazioa 5.053.066 eurokoa dela. Iazko estimazioa 6.191.666 eurokoa zen, eta azkenean gastatutakoa 6.840.817 euro izan ziren.

Zorpetzea baztertuta

Jaitsiera horren atzean sarreren murrizketa "nabarmena" eta zorpetze "garrantzitsuena" daudela esan zuen, eta asmoa gastua eta inbertsioa mantentzea dela aipatu zuen; hirigintza, kultura eta elizateak arloetan igartzen da bereziki jaitsiera hori. Dena dela, nabarmendu zuen aurreko urteotako aurrezkiak erabiliko dituztela, hurrengo urterako ere utziaz; horrek hainbat aldaketa eragingo ditu estimazio horretan. Horrekin batera, ohartarazi zuen egoera ekonomikoa aldatzen ez bada, aurrezkiak agortuko direla.

Jose Luis Canterori erantzuna

Bestalde, udal gobernuak aurrekontuen harira, PSE-EE taldeko zinegotzi Juan Luis Canterok esandakoari erantzun nahi izan dio. Besteak beste, Canterok honakoa esan zuen: "Ez da Eskoriatzak behar duen aurrekontua, izaera antisoziala, ez solidarioa eta aurreikusi ezin daitekeena duelako. Udaleko diru-kutxa zalantzan jartzen du. Horrez gainera, udalerriko ekonomia eta enplegua sustatzeko ekintzarik ez da aurreikusten. Bestalde, gizarte arloko partidak murrizten dituen bitartean, alkateak eta alkateordeak euren soldata %7,5etik gora igotzen dira.

Udal gobernuaren esanetan aurrekontuak antisozialak, ez solidarioak eta aurreikusi ezinak direla esatea "demagogia politikoa" egitea da. Haren arabera, "ezjakintasunaren" adierazgarri dira, eta "alarmismoa" besterik ez dute sortzen herrian.

Aipatu du aurrekontuak gobernu taldeak egiten dituela, eta ez bakarrik Bilduko ordezkariek; eta lehenengo alkateordeak [Arantza Iregik] ez duela euro bakar bat bera ere jasotzen udaleko diru-kutxatik. Salbuespena alkatea eta [Leire Urtzelai] zinegotzia direla, eta bien liberazioa lan-jardun bakarra osatzen dutela. Liberatuen soldata igo dela ere gezurtatu du; horren harira, onartu du partida hori handiago dela alkatearen ordainsaria aurreko lanean zuenaren parekoa izan dadin.

Ongizate arloan murrizketak egon direnik ere gezurtatu du. Aurrekontuak egiterakoan aurreikuspenak aurreko urteetan benetan izandako gastuari egokitzeko lana egin dela gogorarazi du. 

Eskoriatzako Ezkerra-Izquierda Unidaren abstentzioa

Gizarte arloarekin jarraituz, aurrekontuak onartu ziren osoko bilkuran Eskoriatzako Ezkerra-Izquierda Unida taldeko zinegotzi Juan Luis Merinok botoa aldatzea erabaki zuen. Hasiera batean, besteak beste, gizarte arloan aurrekontuak izandako murrizketak zirela-eta, kontra bozkatzeko asmoa bazuen ere, Beñat Herceren azalpenak entzun ostean abstentzioaren egitea erabaki zuen.

Horren harira, honakoa azaldu du: "Etxez etxeko arreta zerbitzuak, ongizateari bideratutako laguntzak eta gizarte-larrialdietarako laguntzak asko murrizten ziren. Horretaz gainera, ez zen Enplegu planik aurreikusten, eta gobernuz kanpoko erakunde eta herriko guraso elkarteendako ez zegoen partidarik. Nik ezin nuen horren alde bozkatu. Baina, eztabaidan udal gobernuak horretarako diru laguntzak bideratzeko konpromisoa hartua zuen, aurrezkiak daudelako eta martxoan diru hori aurrekontuetarako bideratu daitekeelako. Nik proposatutako partida horiek aurrekontuetan sartuko dira. Hori dela-eta, botoa aldatzea erabaki nuen. Esan beharra dago, dena dela, ez direla Izquierda Unidaren aurrekontuak". 

Aurrekontuak, arloka

Eskoriatzako Udalaren aurrekontua 2012

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak