Iñaki Pierrugues: "Udalaren parte-hartzeari esker, etxeak egiteko zaharren egoitzaren eraikina botatzea eragotzi zen"

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 25a

Udal politikan emandako 20 urteak eta, bereziki, PSE-EEko zinegotzi moduan Eskoriatzako Udalean egondako bi agintaldiak gogorarazi ditu Iñaki Pierrugues eskoriatzarrak. Egindako lanarekin "harro" dagoela esan digu, herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzearen alde lan egin duelako. Ez luke Udalera bueltatu nahi.

Nolatan sartu zinen politikan?
Injustizien eta desberdintasunen kontra egon naizelako. Gizateriaren bizikidetzarako eta giza eskubideen defentsarako politika ezinbestekoa dela uste dut. 1990ean alderdi sozialistara afiliatu nintzen, Aretxabaleta-Eskoriatza elkartean, eta handik urtebetera egindako hauteskundeetan Aretxabaletan zinegotzi irten nintzen; orduan han bizi nintzen. Garai hartan, Aretxabaletara joaten ginen bizi izatera, bikoteek ez genuelako Eskoriatzan etxebizitzarik topatzen. Hiru agintaldi eman nituen Udal horretan.

Eta Eskoriatzako Udalean beste bi agintaldi...
Hala da. Eskoriatzan aurkeztu nintzen nire alderdiko zuzendaritzakoekin adostu ostean. ETAren biolentziak eragiten zituen eragozpen politikoak zirela-eta, udalerri batean zinegotzi moduan aurkezteko ardura behin hartuta, nire udalerrian aurkeztuko nintzela adostu nuen haiekin. Jaio nintzenetik ezagutzen dudan herria da, eta han pasatu nuen haurtzaroa eta gaztaroa.  

Abian jarritako ze proiektu izan duzu gustukoen?
Asko ditut buruan, baina zaharren egoitzarena aipatuko nuke. Udalaren parte-hartzeari esker, etxebizitzak egiteko eraikina botatzea ekidin zen. Gaur, agian, egoitza barik egongo ginen, gure aitaita-amamak inguruko egoitzetan izanda, eta krisi ekonomikoak eraginda amaitu bako etxebizitzen egiturarekin. Horrez gain, garaiz kanpoko araudia ordezkatuz, estatutu berriei esker, egoitzan izandako aldaketa historikoa dela esan genezake.

Eta ze proiektuk eman dizkizu buruhausteak?
AP-1. Ingurumenaren kamikazea izatea leporatu zidaten alderdikoek! Eibar-Gasteiz eraikitzearen alde egon naiz beti, nik Arlabandik egin izan banu ere. Eskualdeko alderdi sozialista ordezkatuz autobidearen alde hasieran sortutako plataforman parte hartu nuen. Jarraian, herrialde mailan, EAJrekin adostutako Gipuzkoako errepide planari buruzko ordezkaritza sozialistan parte hartu nuen. Ingurumenean eragina duten "errepideak" proiektatzen dituztenen gainditu gabeko irakasgaia da kaltetu eta herritarrei orokorrean iritzia eskatzea. Hainbat konpromiso egiteke badaude ere, esan daiteke Eskoriatzan garatutako parte-hartzeari dagokionez, AP-1 hasieran aurreikusten zena baino hobeto geratu dela. Egitasmo originalak hutsune eta akats asko zituen.

Urte hauetan, nola moldatu zara gainerako alderdi politikoen ordezkariekin?
Politikoak baino gehiago, gizatiarrak dira zinegotzien arteko harremanak. Eta ez da samurra hartu-eman ona izatea, toki guztietara bizkartzainekin zoazela-eta, udalerri horretan ezin bazara bizi eta zure bizilagunekin komunikazio normala ezin baduzu izan. Eragozpena da hori.

Zortzi urtez udaletxean egon ostean, helburua beteta joan zarela esan dezakegu?
Denera, politikaren bidez, 20 urte eman ditut zerbitzu publikoaren alde. Horixe da zinegotzi baten funtzioa. Eta zinegotzi moduan, harro nago Aretxabaletako eta Eskoriatzako herritarren bizi kalitatea eta ongizatea hobetzearen alde lan egin nuelako.

Zertan ematen duzu denbora gaur egun?
Esku artean hainbat proiektu baditut ere, orain bajan nago, mokorretik operatu naute orain dela gutxi; dagoeneko bigarren operazioa da hori.

Zer da Eskoriatza zuretako?
Jaio nintzen herria da; han dauzkat sustraiak eta familia zati bat.

Zerbait falta zaio gaur egungo Eskoriatzari?
Beti dago zerbait egiteke. Baina, gaur egun, azken urteotan lortu dugun ongizatea mantentzearen alde bereziki gogor egin behar dugula lan uste dut. Lanaren alde egin behar dugu lan, inor ez dadin lan barik geratu.

Zinegotzi izateko aurkeztuko zinateke ostera ere?
Ez nuke nahi. Lehenik, politikoki berba eginda, amortizatuta sentitzen naiz. Bigarrenik, datozenei tokia utzi behar diegula iruditzen zait. Eta azkenik, bizi izateko dudan denbora nire seme Pablo zelan hazten den ikusi nahi dudalako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak