Joan den urtea Italia eman zenuen, Erasmusekin...
Hala da. Trenton izan nintzen urtebetez, irailetik uztailera. Arkitekturak asko erretzen du, lan eta dedikazio handia eskatzen duelako. Hori dela-eta, urtebete hartu nahi nuen niretako. Hasierako ideia Lisboara joatea zen, lagun bat hara joaten zelako eta hizkuntza ikastea samurragoa zelako. Eskaera egiterakoan, bigarren Trento jarri nuen, hizkuntzagatik, eta bereziki neguan eskiatzeko aukera ematen zidalako. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Nire burua ezagutzeko aukera eman dit, etxetik urrun egon naiz-eta. Askotariko jendea ezagutzeko ere balio du.
Eskiatzeko aprobetxatu duzu?
Bai. Txikitan ikasi nuen eskiatzen, eta oso gustuko dut. Dirutxoa nuen aurreztuta, eta Dolomitetan negu osorako forfaita atera nuen. Asko disfrutatu nuen, aste barruan eskiatzera joaten nintzelako eta hango pistak izugarriak direlako. Aurten ere gustura joango nintzateke; ikusiko dugu ekonomiak horretarako aukera ematen duen...
Orain Donostian bizi zara aste barruan. Gustura hiriburuan?
Oso gustura; koadrilatxoa egina daukagu eta zati bat etxe berean bizi gara. Antiguan dugu etxea, eta hori beste herritxo bat dela esan genezake.
Asteburuan etxera bueltatzen zara, besteak beste, gaztelekuan lan egin behar duzulako...
Batetik, lana dago. Bestetik, askotan, herrira bueltatzeko beharra ere izaten dut. Iraila ezkero, gainera, gaztelekuan nabil lan egiten. Italiatik etorri nintzenean lana topatu behar nuela erabaki, eta aukera hori irten zen. Udalekuetan ibili naiz betidanik Eskoriatzan, eta, hortaz, gazte asko ezagutzen nituen aurretik. Oso gustura nabil, jendearekin konfiantza izatea lortu dut. Horretaz gainera, askotariko ikastaroak ere egiten ditugu, eta hori ere oso interesgarria iruditzen zait. Esaterako, makillaje kontuak gustuko ditut, eta Gabonetan, abenduaren 30erako, Gau elegantea izeneko ekintza antolatu genuen. Neskak makillatzen ibili nintzen egun hartan.
Film laburrak ere gustuko dituzu. Eingeinkek azaroan antolatutakoan parte hartu zenuen...
Eskoriatza moduko herri txiki batean, denetarik egiten dugu, antolatzen eta prestatze lanetan ibili nintzen; azken horretan ez horrenbeste, astean zehar Donostian bizi naizelako. Horrez gain, Udaixeren harira antolatutakoan parte hartu nuen, eta aurretik egonda nago ikus-entzunezko rallyetan. Oso gustura ibiltzen naiz, oso ondo pasatzen dugu. Esperientzia ezberdina da.
Sare sozialetan ere aditua zara. Zer eskaintzen dute?
Hasiera batean, Donostian nengoenean Tuentin bakarrik nuen kontua. Baina Trentora joan nintzenean Facebookekoa ere zabaldu nuen. Italian ezagututako jendearekin harremana izateko aukera ematen dit horrek, eta, gainera, gastu barik. Horretaz gainera, musika berria entzuteko ere balio du, jendeak musika igotzen duelako. Azkenik, egunkariak eta bestelakoak irakurtzeko ere erabiltzen dut; hain justu ere, informatuta egoteko.
Horrekin guztiorrekin denbora librerik geratzen zaizu?
Zerbait. Tarte horietan lagunekin egotea gustatzen zait. Horrez gain, erosketak egiten ere oso gustura ibiltzen naiz. Irakurtzea ere gustuko dut; ohera joan aurretik zerbait irakurtzeko aprobetxatzen dut. Orain dela hilabete inguru, liburu irakurtzen hasi nintzen, italieraz. Hizkuntza ez galtzeko hainbat liburu erosi dut, eta horretan nabil.