Bost milioiko aurrekontua onartu dute

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 20a

Aurtengo aurrekontua onartu zuten atzo iluntzean egindako ohiko osoko bilkuran. Aurten, bost milioi pasatxo (5.053.065) izango dituzte; joan den urtekoekin alderatuta, jaitsiera nabarmena dute, 6.191.666 euroko aurrekontua onartu zuten-eta 2011rako. Udal gobernuak aurkeztutako kontuek EAJ eta PSE taldeen aurkako botoa jaso zuen, eta Eskoriatzako Ezkerra-Izquierda Unidaren abstentzioa.

 

Beñat Herce alkatearen arabera, diru sarreretan beherakada nabarmena izango da, zerga bilketa eta Gipuzkoako foru fondotik Eskoriatzara bideratuko duten diru kopurua murritzagoa izango direlako. Egoera berria kontuan izanda, honakoa dio alkateak: "Dauzkagun zerbitzuak eta gastuak diru sarreretara egokitzen saiatuko gara". Dena dela, gaineratu du azken urteotatik Udalak duen aurrezki zati bat erabiltzeko asmoa dutela, gastu eta inbertsioetan jaitsiera hori horrenbeste igarri ez dadin.

Proiektu horren ildo nagusiak azaldu zituen. Batetik, alkateak aipatzen du gizarte arloko inguruko gastuak lehenesteko asmoa dutela. Horren harira, dio aurtengoaren antzekoak izango direla horiek. Horrekin batera, murrizketa txikiak egongo badira ere, euskara eta kulturari jaitsiera larregi ez eragiten saiatu direla gaineratu du. Azken arlo horien harira, honakoa dio: "Herriak oso ondo baloratzen ditu egiten diren ekintza kultural guztiak". Udal langileen lan baldintzak "ahalik eta egokienak" izan daitezela ere gura dutela nabarmendu du.

Zaldibar eta Atxorrotz

Inbertsio nagusiei dagokionez, Zaldibar antzokiko proiektuari  jarraipena emateko asmoa dutela adierazi du, baita Atxorrotzeko gazteluaren inguruan dagoen egitasmoari ere. 

Bestalde, Hercek gogorarazi du aurrekontuak kudeaketa plan batekin lotuta doazela. Horren harira, azpimarratzen du  "hausnarketa" urtea izango dela aurtengoa. Haren esanetan, gaur egungo zerbitzuak Eskoriatza bezalako herri baterako egokiak diren aztertu beharra dago, eta zerbitzu eta gastu guztien azterketa sakona iragarri du.

Oposizioaren kritikak

Oposizioak hainbat kritika egin dizkio aurrekontuari. EAJko Aitor Urrutia zinegotzia ez dago ados aurrekontua lantzeko egon den  moduarekin. Gaineratzen du makilatutako aurrekontua dela eta pertsonal eta alkatetza gastuetan emandako igoera ere kritkatzen du. Antzokirako aurreikusten dirua beste alor batzuetan erabili daitekeela ere gaineratzen du zinegotzi jeltzaleak.

Alderdi sozialistako zinegotzi Jose Luis Canteroren  esanetan, ez da Eskoriatzak behar duen aurrekontua, eta gaineratzen du izaera antisoziala, ez solidarioa eta aurreikusi ezin daitekeena duela. Enplegua sustatzeko ekintzarik ez aurreikustea eta, bere esanetan, alkateak eta alkateordeak euren soldata %7,5 igotzea ere kritikatzen du.

Eskoriatzako Ezkerra- Izquierda Unidako zinegotzi Juan Luis Merinok, abstenitu arren, hainbat kritika egiten dizkio aurrekontuari. Bere esanetan, gizarte izaera baino, izaera politikoa du aurrekontuak. Azpimarratzen duenez, liberatuen soldata asko igo da, eta herriko hainbat elkartetarako dirulaguntza aldiz, murriztu. Gizarte arloko hainbat partida murriztu egin direla ere salatzen du.

Beñat Herce alkatearen esanetan baina, ez da zuzena gizarte arloan partida batzuk murriztu egin direla. Bere esanetan partidak gastu errealetara egokitu dira, eta partida batzuk behera egin dute beste erakunde batzuetatik jasotako laguntzek behera egin dutelako. Liberatuen soldatak bere hortan mantendu dituztela ere gaineratu du.

Eguenean, bilera

Aurrekontu eta kudeaketa plan horren gainean azalpenak emateko, Udalak komunikazio bilerak deitu ditu. Lehena eguenean, hilak 26, izango da 18:30ean, Ibarraundi museoan. Horra joatea ez dutenendako bigarren bilera antolatu dute hilaren 31ean, 19:30ean, toki berean. Azaroan martxan jarritako Eskoitza prozesu parte-hartzailearekin harira egingo dituzte batzar horiek. Orduan egindako batzarretako ekarpenetatik zeintzuk aukeratu dituzten azalduko dituzte, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak