Iñaki Gartzia: "Umeengan hizkuntza garapen goiztiarra neurtu eta atzerapenak ekidin daitezke"

Mirian Biteri 2012ko urtarrilaren 18a

Kontseiluak antolatuta, Komunikazio Garapena Neurtzeko Zerrenda izeneko tresna aurkeztu zuten joan den abenduan Mondragon Unibertsitateko (MU), Salamancako Unibertsitateko eta EHUko hainbat ikertzailek; tartean, Eskoriatzako Huheziko irakasle Iñaki Gartzia dago. Haur txikien euskara garapena neurtu dute horretan. Azterketak emandakoaz egin digu berba.

Nondik sortu zen ikerketa hori egiteko ideia?

2001. urtean elkartu ginen MU, EHU eta Salamancako ikertzaileak; hortaz, hamar bat urte daramatzagu haur euskaldunen komunikazio garapenaren bueltan ikertzen. MacArthur Fundazioak ingelesez sortutako Comunicate Devalopment Inventories (CDI) izeneko tresna euskarara egokitzeko lan egin dugu proiektu horretan. AEBetan orain dela 15 urte inguru sortutako tresna da hori.

Ze asmorekin jarri zenuten abian?

Euskal Herriko eskoletan askotan aipatzen da euskara hizkuntza gutxitua dela, eta beste hizkuntzekin alderatuta, baldintzak kaskarragoak direla. Espainian beste hiru talde CDI tresnak katalan, galego eta gaztelerara egokitzen ari zirela jakin genuenean, euskararekin ere egitea erabaki genuen; Komunikazio Garapena Neurtzeko Zerrenda (KGNZ) deitzen da egokitzapena. Denera, 60tik gora hizkuntzatara egokitu dira. 

Nolakoa izan da neurketa?

Galdetegiak erabili ditugu; gurasoek horietan erantzundako informazioan daude oinarrituta neurketak. Datu-bilketa egiteko Euskal Herri osoko haurtzaindegi eta haur eskolekin harremana daukagu. Galdetegia pasatzeko baimena eskatzen diegu, eta, eskolen laguntzarekin, gurasoengana iristen gara. Seme-alaben datuak betetzen dituzte galdetegi horietan, eta gero guk egiten duguna da hori estatistikoki aztertu. Helburua da hizkuntzaren garapen goiztiarra neurtzea, umeen hizkuntza-garapenean izan litezkeen atzerapenak aurreikusteko, eta, neurri egokiak hartuta, atzerapenek ekar ditzaketen kalteak ekiditeko.

Nolakoak dira gurasoek bete behar dituzten galdetegiak?

Umeen adinaren araberakoak dira. Hiru tarte ditugu: lehenengoa, 8 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa eta Hitzak eta Keinuak izena duena; bigarrena, 16 eta 30 artekoena, Hitzak eta Esaldiak delakoa; eta hirugarrena, 30 eta 50 hilabete artekoa.

Lehenengo tartea KGNZ 1 da. Oso haur txikiak dira, eta horien kasuan ekoizpen lexikoa neurtzen dugu, adin horietan oso urria bada ere; baita ulermena ere. Horretarako hitz zerrenda zabala eskaintzen dugu (397 hitz) 19 eremu semantikoetan banatuta. Horretaz gainera, ahozkoa ez den komunikazioaren garapena ere aztertzen dugu. Azken hori neurtzeko keinuen bidezko komunikazioaz baliatzen gara.

Bigarren tartean, KGNZ 2 delakoan, haurrak helduagoak dira, eta tarte horretan ekoizpena hainbat alderditan neurtzen dugu: lexikoa; hain justu ere, hiztegia; morfologikoa; eta sintaktikoa, aditz jokatuen erabilera eta bi hitz baino gehiago lotzea. Azkenengo zatian, KGNZ 3, bigarrenean landutako alderdi berak sakonago aztertzen ditugu. Hirugarren urtearen inguruan komunikazio garapenean oso aldaketa interesgarriak geratzen dira.

Orain arte zenbat umek parte hartu izan dute?

Jaso ditugu 3.000 bat neska-mutikoren datuak. Esan bezala, Euskal Herri osoan banatuta dauden umeen datuak dira. Horren harira, hasieran, gure taldean Sehaskako hainbat irakasle izan ziren eta Ipar Euskal Herrikoen datu bilketa erraztu ziguten. Jasotako datuak aztertu eta Estatuko hizkuntzekin eta Europa mailan hainbat konparaketa egin dugu.

Alderik igarri duzue horren harira? 

Ez. Emaitzak antzekoak dira. Espainian galegoaren eta katalanaren garapenarekin alderatu ditugu eta antzekoak dira.

Komunikazio garapenaz gain, garapen horretan hainbat aldagairen eragina aztertu duzue, ezta? 

Hala da: sexua, amaren hizkuntza maila eta euskararen maiztasun maila. Betidanik entzun izan ditugu mitoak. Esaterako, neskatoek arinago garatzen dutela komunikazio garapena. Gure emaitzetan ez dugu ikusi. Sexuaren arabera nesken aldeko aldeak egon arren, ez dira esanguratsuenak. Beste bi aldagaietako aldeak, ordea, esanguratsuak dira. Horren harira, kontuan izan behar dugu Euskal Herriko umeak errealitate elebidunean bizi direla eta horrek eragina duela. Hiru talde bereizten dira horren harira: euskara nagusi dutenak, orekatua eta nagusiki gaztelera dutenak. Talde horiek alderatuta euskararen komunikazioaren garapenean alde handiak daudela ikusi da. 

Hemendik aurrera zer?

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) bidez, KGNZ 1 eta KGNZ 2 delakoen eskuliburua argitaratu genuen; dagoeneko eskoletan erabiltzen den diagnostiko tresna bat da hori. Horren harira, esan beharra dago bi eskuliburu horiek salgai daudela UEUren webgunean; eta horien bertsio laburra debalde dago Uztaroren webgunean. Orain, KGNZ 3 egokitzapenarekin gabiltza. Galdetegia diseinatuta dugu eta orain tresna horren fidagarritasuna eta baliagarritasuna neurtzen gabiltza. Bestalde, diagnostiko tresna izateaz gain, ikerketarako tresna ere bada, eta horretan segituko dugu. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak