Eskoriatzarentzat garrantzitsua zen zapatuan garaipena lortzea, liderrarekin eta Cafes Aitona taldearekin puntuetan berdintzeko aukera baitzuen.
Talde zarauztarrak abiadura handiko partidua egin zuen. Etxeko taldeak ez zuen erasoan zorte handirik izan, eta defentsan ere ez zuen ohiko maila erakutsi.
Bigarren zatian, defentsa zona aldatzea erabaki zuen Inma Murillo entrenatzaileak eta kanpoko taldeak ezin izan zuen egin lehen zatian bezainbeste min. Zarauztarrek badakite nola jokatzen duen etxeko taldeak eta defentsan bikain aritu ziren.
Azken laurdenean, Murilloren neskak lau puntura hurbildu ziren, baina partidu osoan egindako lanarengatik zuten nekearengatik, behera etorri ziren. Azkenean, zarauztarrek bederatzi puntuko aldea lortu zuten.
Bigarren itzulia bukatzeko bi partidu
Bigarren itzulia bukatzeko bi partidu baino ez dira geratzen: lehenengoa, etxean, Cafes Aitona B, sailkapeneko azkenaren aurka; eta bigarrena, Donostian Cafes Aitonaren aurka. Bi partiduak irabazi ezkero lider izateko aukera dute Murilloren neskek.