Atxorrotzen oroitarria jarrita hasi dituzte Nafarroako Erresuma aldarrikatzeko ekitaldiak

Mirari Altube Arrese 2012ko urtarrilaren 14a

Debagoieneko 1512-2012 Nafarroa Bizirik lantaldeak gaur, zapatua, hasi ditu Nafarroako Erresuma ezagutzera eman eta aldarrikatzeko lehen ekitaldiak. Atxorrotzera ibilaldia egin dute goizean eta oroitarria jarri. Arratsaldean (18:00) mahai ingurua izango dute Ibarraundi museoan Atxorrotzeko indusketen arduradun den Iñaki Sagredo adituarekin eta Joseba Asiron historialariarekin.

Lege propioak eta estatus juridikoa izan zituen herria izan zela Nafarroako Erresuma gogorarazi gura dute 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeko kideek; izan ere, guztiz ahaztuta geratu da euskaldunon oroimenean. "Independentzia zuen herri batendako trauma historikoa izan zen orain dela 500 urte gertatua. Aitxorrotzeko historia berreskuratuta Nafarroako Erresumaren berri eman gura dugu", argitu du Iñaki Sagredo adituak.

Eta erresuma horretako gotorleku izan zen Atxorrotz mendian hasi dituzte ekitaldiok. Banderak bizkarrean hartuta jende taldetxoa joan da goizean mendira, 200 bat lagun; gehienak debagoiendarrak ziren baina Nafarroatik etorritakoak ere bazeuden.

Atxorrotzen izandako gazteluaren historia jasotzen duen oroitarria jarri dute bertan, Pedro Lasagabaster alkate ohiak hain zuzen. Eta musika, bertso eta dantzekin borobildu dute ekitaldi hunkigarria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak