Familia ugariek gutxiago ordainduko dute aurten trakzio mekanikodun ibilgailuen zergagatik. Udalbatzak uste du familia horiek bolumen handiagoko ibilgailuak behar izaten dituztela, eta gastuei aurre egiteko 2012. urteari begirako ordenantza fiskaletan familia horiendako %15 eta %60 arteko hobariak aurreikusi ditu.
Ez da ordenantzetan dagoen deskontu bakarra. Urtero moduan, ondasun higiezinen gaineko zergan eta kiroldegiko urteko abonuan ere deskontuak daude: azken horretan tarifa bereziak dituzte kide anitzeko familiek, langabeek, elbarriek, ikasleek eta Eskoriatzako Kirol Elkarteko federatuek. Horren gaineko informazioa gura duena kiroldegira joan daiteke.
Esan bezala, asteon Udaletik jakinarazi dute esandako deskontuak lortu ahal izateko eskaera egin beharra dagoela; interesatuek urtarrilaren 31 baino lehen eskatu beharko dute udaletxean. Horrekin batera, azaldu dute egunotan horren gaineko informazioa iritsiko dela eskoriatzarren etxeetara.
Ura: %5,5 gehiago
Bestalde, abenduaren 27ko osoko bilkuran ordenantza fiskalak behin betiko onartu ostean, hainbat igoera izango dira aurtengo tasa eta zergetan. Ura da igoera nabarmenetarikoa izango duena; hain justu, %5,5eko igoera izango dute fakturek. Udaletik aipatu dute Ur Kontsortziotik igoera %8koa izatea aurreikusten bada ere, kostu guztia herritarrei aplikatzea larregi dela, eta, hortaz, aipatutakoa igotzea erabaki dela. Bestalde, hiri hondakinengatik %2,82 gehiago ordainduko da; hain justu, Mankomunitateak onartutako igoera adostu da Udalean ere.
Sauna eta gimnasioa
Bestalde, kiroldegiko abonuan ere gehiago ordainduko da. Abonatuek urteko kuotan %4,5eko igoera izango dute, eta zerbitzu gehiago erabili ahal izango dituzte: orain arte aparte ordaindu behar zituzten sauna eta gimnasioa erabili ahal izango dituzte. Tabernetako terrazengatik ere gehiago ordainduko da. Orain arte, mahaiak eta aulkiak lur publikoan ipintzeagatiko tasa hiru hilean behin ordaindu behar zen. Aurten, urteko tasa bakarra izango da, lehengo hiruhileko tasa gehi %25eko igoera.