Aurten beteko dira 500 urte Fernando Katolikoak Nafarroako Erresuma konkistatu zuenetik eta gertakari horren bueltan sortu zen 2008an 1512-2012 Nafarroa Bizik ekimena. Debagoieneko herri guztietan daude ekimen honen taldeak eta aurrerantzean koordinaturik ekiteko asmoa azaltzeko eta 2012an zehar gure historia berreskuratzen eta argitara ateratzen saiatuko direla iragartzeko agerraldia egin dute Eskoriatzako Ibarraundi museoan.
Bertan, lantaldearen bozeramaile lanak egin dituen Xabier Zubizarreta arrasatearrak adierazi du Euskal Herria herri zaharra eta herri ukatua dela eta gaineratu du euskaldunok ez dugula gure historia idazteko aukerarik izan. Esan du era berean, 500 urtek ez dituztela ez oroimena eta ez aske izateko borondatea ezabatu, eta Euskal Herriarentzat datozen garai berriekin bat egin gura dutela.
Zapatuan, Atxorrotzen
Koordinatuta ekiteko asmo horretan, bi ekimen iragarri dituzte; lehena, larunbat honetan bertan, hilaren 14an. Atxorrotzeko gazteluan Nafarroako Erresumaren oroitarria jarriko dute egun horretan. Jaia 10:30etan hasiko dira, Eskoriatzako herriko plazatik Atxorrotzera abiatzeko orduan. 12:00etan, izango da oroitarriaren inaugurazio ekitaldia eta bertan izango dira txistulari eta dantzariak, San Migel bertsolaria eta baita Petti, Andoni eta Eñaut musikariak ere.
Egun horretako ekintzekin jarraituz, 18:00etan mahai-ingurua egingo dute Ibarraundi museoan. Iñaki Sagredo eta Joseba Asiron izango dira hizlariak. Musikarik ere ez da faltako, eta hala, 22:30etan Joseba Irazoki eta Petti & Andoni Sound Systemek kontzertua eskainiko dute Inkernu tabernan.
Udaletan mozioak
Baina zapatukoaz gain, beste ekimen bat ere burutuko dute 1512-2012 Nafarroa bizirik taldekoek: mozio bat aurkeztuko dute Debagoieneklo udal guztietan. Mozio horretan Nafar Erresumaren defentsan eroriak omentzea eskatuko da, baita 1512.2012 Agiriarekin eta antolatuko diren ekimenekin bat egitea ere.