6 Goya sari eta Espainiako Zinematografia saria (2004) jaso eta Euskal Herriko eta Espainiako zinema garaikidean funtsezkoak diren filmetan egin du lan Agirresarobek (Mikelen heriotza, Días contados, La Madre muerta ala Mar adentro , esate baterako, ezagun eta esanguratsuenen artean). Alejandro Amenabarren Los Otros (2001) filmean eginiko lanari esker nazioartera egin zuen jauzi. Estatu Batuetako zinema industria erraldoian ari da gaur egun lanean eta Milos Forman eta Woody Allenekin egin du lan.
Mar Adentro (Alejandro Amenabar, 2004) eta The Road (John Hillcoat, 2009) filmak aukeratu ditu bere lanaren erakusgarri bezala.
Teknika eta sormena
Mar adentro filmean “ahalik eta itxurarik naturalena” lortzea ei zen helburua eta, nahiz eta aurkakoa eman, barruko eszena guztiak dekoratuetan grabatu zituzten, emaitza iksugarriarekin. Kontatu du Amenabarren obsesiorik handiena Javier Bardem zegoen ohe alboko leihoak ahalik eta inpresio naturalena ematea zela eta horretarako txoriak eta guzti birsortu behar izan zituztela. “Ahal dena egin eta beharrezko dekoratu guztia erabili beharra dago ikusten dena egia izan dadin” dio Agirresarobek, “efektu biasualik ez daukan filmerik ez” dagoela berretsita. Film horretan egin zuen berak "inoiz filmatutako sekuentziarik zailena" eta horixe erakutsi die ikasleei, Ramón Sampedro paraplejikoa ohetik altxatu eta lehiotik hegan egiten ateratzen den hori.
Hondartza baten, eguzkia sartzerakoan, amaitzen da eszena hori eta Agirresarobek aitortzen du bere bizitzan grabatu duen zailena izan zela, laugarren hartualdian lortu zutena. Amenabar zuzendari “izugarri teknikoa” dela kontatu du eta modu horretara lan egitea bikaina dela.
Hollywood eta konbentzionaltasuna
Zuzendari espainiarraren beste muturrean jarri du Woody Allen, harekin Vicky Cristina Barcelona (2007) filmean lan egin eta gero. “Hollywoodeko konbentzio guztiak baztertzen" ditu Allenek eta Agirresarobek kontatzen du zelan sarri entseguak nahikoa zitzaizkion hartu eta horixe grabatzeko. “Hollywooden plano eta xehetasun guztiak, banan-banan, grabatzen dira eta planifikazio hori ere bada argazki zuzendariaren lana, cinematographer deitzen diote han eta ekoizpen planaren zatu handi bat hartzen du”.
Woody Allenen kasua bitxia dela dio, osterantzean Hollywooden, lana “izugarri konbentzionala” dela dio eta argazki zuzendariak “guztia planifikatu eta lan-plana diseinatzeaz arduratzen direla; “sormena, egon” badagoela, “baina aukera, aurrekontua eta moduan baldin badago”.
The Road (2009) filmak emandako aukeraz ere mintzatu da Agirresarobe bere obra azaltzeko. Biziraupen istorio bat kontatzen du The Road filmak, aita-seme batzuen ibilibidea mundu apokaliptiko baten eta, antza, “Eguzkia da gure etsaia” eraman zuen errodaje lehen egunea elastiko baten idatzita, hain zuzen, normalean egiten den horren kontrakoa egitera zihoazela esateko.
“Iluntasunean zegoen mundu bat irudikatu gura genuen eta horregatik, kanpoan errodatzerakoan, lehen eguzki izpiarekin, dekoratuetara joaten ginen grabatzera, eta hori normalean ilun ala eguraldi txarra dagoenen egin ohi da”. “Sekula ez dut 49. sekuentzia ahaztuko”, jarraitu du kontakizunarekin, “jakin banekien benetan konplikatua izango zela, eta hala izan zen: Charleze Theron-ek lorategian, gauez ilunetara desagertu behar zuen” eta beste baten “txiskero baten argiarekin bakarrik argiztatu” zuen sekuentzaren eszena bat. “Bizitzan behin soilik agertzen den aukera” horietako izan zen Agirresaroberentzat The Road, “ekoizleek beti film bizi eta koloretsuak nahi” dituztelako, “baina okasio hartan argi zeukaten aurkakoa gura zutela”.
Argiztapenaren itxura naturala defendatu du behin eta berriz Agirresarobek, “zinemaren magia” ez apurtzeko.
Baina guztia “antolakuntza ekonomiko baten barruan kokatu beharra” dagoela ere esan du behin eta berriro “ekoizlea edozein unetan ager baitaiteke eta aurrekontua erdira moztu”.
Aitortu du, halaber, itxura naturalerako eta argi-ilunen bilaketarako obsesio hori nondik datorkion eta kontatu du Madrilgo eskolan sartzeko probetan ahaztu egin zitzaiola kontra-argia eta horregatik ez zutela hartuko pentsatu zuela. Azkenean, baina, proba gainditu egin zuen eta ordutik ez du kontra-argirik erablii; “artifizialtasun osoaren sinboloa” da hori beretzat. Film industrial guztiek erabiltzen ei dute argi hori gehiegi eta halakorik gabe lan egitean, bere lana bereizgarria izatea lortu duela azaldu du.