"Gatazkaren konponbideak mesede egingo dio euskal jakintzari"

Irati Goitia 2011ko abenduaren 15a

Asteon, presoen eskubideak aldarrikatzeko urtarrilaren zazpian egingo den herri mobilizazio orokorrari indarra emateko, hainbat egitasmo egiten dabiltza arlo eta esparru ezberdinetan. Eta gaur, horren harira, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean prentsaurrekoa egin dute. Bertan adierazi dute: "Ilusioz ikusten dugu garai berri hau, gatazkaren konponbideak euskarari, euskal kulturari eta euskal jakintzari mesede handia egingo dio".

Han izan dira Eskoriatzako eta Arrasateko fakultateetako ikasle eta irakasleak. Izan ere, bi fakultateetan ekimenarekin bat egin dute eta baraualdia egin dute 13 lagunek gazteen egunean eta 14k hezkuntzaren egunean.

Prentsaurrekoan adierazi dute ilusioz ikusten dutela garai berri hau, gatazkaren konponbideak euskarari, euskal kulturari eta euskal jakintzari mesede handia egingo diotelako euren esanetan.

Gaineratu dute argi dutela espetxe politika konponbidearen gakoetara ekarri behar dela. Eta adibide gisa jarri dituzte hala izan zen Ipar Irlandako eta Hego Afrikako kasuak.

Azkenik, esan dute bat egiten dutela urtarrilaren zazpirako herri mobilizazio orokorrerako deiarekin, eta Frantziako eta Espainiako Gobernuei sei neurri hartzea eskatu diete: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, Espainiar estatuan ezartzen den 197/06 doktrina bertan behera uztea eta zigorra beteta duten presoak askatzea, Frantziar estatuan ezartzen den bizi osorako zigorra indargabetzea, zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoak askatzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea eta bestelako gaixotasunak dituzten presoen zaintza egokirako beharrezko neurriak hartzea eta, esan bezala, Frantziar eta espainiar estatuen espetxe politika konponbide gakoetan ezartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak