Funtsean ordenantzak bi helburu biltzen ditu: Udal lokalak erabili ahal izateko prozedurak baldintza berak izatea guztientzat eta lokal horien erabilera eta funtzionamendua arautzea. "Orain arte ez zegoen araurik lokal horien erabilera arautzeko eta antolaketa aldeti horrek arazoren bat edo beste sor dezakeenez, arazo horiek ekiditzeko araudia egitea pentsatu da".
Besteak beste, herriko bizitzarekin zerikusia duten jarduerak egiteko lokala behar duten pertsonek edota taldeek erabili ahal dituzte lokalok. "Ezingo da lokalik laga irabazteko asmoa duten elkarteei".
Lokalen erabilpenari dagokionez, nagusiki, jarduera kulturalak, artistikoak, hezkuntzakoak, soziokulturalak eta ludikoak egiteko lagako dela jakin eragin du Udalak.
Dena den, helburu komertzialetarako edota irabaziak lortzeko helburu jakin bat tarteko ere Udalak utzi ahalko du lokala. "Kasu horretan lagapena aldi baterako izango da", argitu dute Udal teknikariek.
Hiru motatako lagapenak
Izan ere, lagapena zehatza (egun bakarrerako), aldi batekoa (lokal bat hainbat emanaldi zehatzetarako lagatzea) edo denbora baterako (urte baterako edo gehiagorako) izan daiteke.
Ezkontza zibilak (Ibarraundin), hileta zibilak (Ibarraundin) edo antzeko izaerako ekitaldiak ere egin ahalko dira Udal lokaletan.
Araudia ikusgai dago Udalaren webgunean eta talde guztietako kideek aukera daukate ikusi aztertu eta zalantzaren bat edukiz gero, galdetzeko.