Rufi Etxeberria: "Eredu asimilazionistek porrot egin dute, erabakitzeko eskubidea da irtenbidea"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko aza. 29a, 00:01

Rufi Etxeberria eta Iñigo Iruin ezker abertzaleko kideak Huhezin izan ziren atzo. Gizarte aldaketak izenburuko ikasgaia lantzen dihardute MUko Eskoriatzako fakultatean eta fakultate horretako ikasle eta irakasleek gonbidatuta hartu dute parte berbaldian. Paradigma. Euskal Herria ispiluaren aurrean izenburuaz, Euskal Herrian bizi dugun aro berriaz jardun dute. Lehen zatia, Etxeberriaren berbaldia, hedabideendako irekia izan da. Besteak beste esan zuen, "estrategia asimilazionistek porrot" egin dutela.

Hemen, laburbilduta, Etxeberriaren esaldi batzuk:

Errealitate berria

"Ezker abertzaleak duela urte bi egindako hausnarketa eta irekitako bidea, eztabaida hura, ez genuen egin azterketa estanko edo geldo moduan, baizik eta nazioarteko errealitate ezberdinak kontuan hartuta".

"Beste errealitate politiko batzuk aintzat hartu behar dira, gehiago mundu globalizatu honetan".

"Abiadura handiko aldaketak ematen ari dira munduan, globalizazio ekonomikoa da errealitate garrantzitsuena. Horrek, zuzenean eragiten dio Euskal Herriari. Bloke sozialistak desagertu zirenetik, munduan aldaketa sakonak eman dira. Horiek herri honendako eragin negatibo handia izan dute".

"Teknologia berrien eragina ere hor dago. Txarrak ez dira, berez, baina jendearen alienazioa eragiteko erabiliak izan dira teknologia berriak".

"Irailaren 11ko atentatuaren ostean, kontrol sozialerako jarrera garbia erakusten dute estatuek".

"Ezker politiko eta sozialaren ahultzea da azken urteotako mundu globalizatu honetako beste errealitate bat. Horrek eragina du gugan. Ezker abertzalea jakitun da errealitate horrena, baina aurre egiteko bere ekarpenak egiteko prest dago".

"Egoera eta errealitate horren inguruan kokatzen dira ezker abertzaleak azkeneko hilabeteotan eman dituen urrats guztiak"

"Euskal prozesua zingira horretan harrapatuta dago. Eta zingira horretan zela kokatu behar duen, zela egin behar dion aurre, erronka bat da ezker abertzalearendako".


Alternatiba: herri gisa jardun

"Fase politiko eta errealitate berriari aurre egiteko, alternatibak badaude eta herri gisa aurkeztuta egin behar zaie aurre".

"Herri honen aitortza da gakoa. Hori gabe, pertsonalitate propioa ezin du aurkitu munduan. Nazio aitortzaren errealitatea behar da, mundu globalizatuaren erronka berriei aurre egiteko. Beste eredu bat. Pertsonalitate instituzional euskaldun eta herritarra, izaera ekonomiko propioa behar dugu, herri gisa bizirauteko".

"Guk erabaki behar dugu zelako herria nahi dugun, globalizazio birrintzaileari aurre egiteko".

"Gaur gaurkoz, Estatu espainolaren eta frantziarraren kortsearekin ezin dugu herri bezala ekarpenik egin".

Euskal iraultza demokratikoa

"Gaurko fase berri honetan, gure izaerari eutsi behar diogu eta ezker abertzalearen fase honen ezaugarri nagusia da Euskal iraultza demokratikoa".

"Iraultza kontzeptua ez da anakronismo bat".

"Bi estatuen ukazioa, euskal herriarekiko, nazio gisa eta sozialki, eredu neoliberal hau, errotik aldatu nahi dugu. Eta errealitate hori aldatzeko politikak bultzatu nahi ditugu".


Independentzia eta sozialismoa modu demokratikoan

"Zergatik demokratikoa? Independentzia eta sozialismoa direlako gure eskaintza eta euskal herritarren borondatearen baitan eraiki nahi dugulako hori. Beste eredu bat nahi dugu, baldin eta gehiengoak hori onartzen badu".

"Independentzia eta sozialismoa, herriarekin, herriaren laguntzarekin eta borondatearekin lortu nahi ditugu".

Estrategia "asimilazionisten porrota"

"Ez da bakarrik ezker abertzalearen burutazioa. Eredu autonomikoak porrot egin du. Frantzian ere, Iparralderekin, politika chauvinistak ere porrot egin du".

"Eredu asimilazionistak gaindituta daude".

"Krisi ekonomikoa eta lurralde krisia bizi du eredu asimilazionistak. Estatu Espainolean errealitate da hori. Errealitate nazionalak ez duelako lortu naziorik bareko herrien burujabetza eta independentzia nahia geldiaraztea. Euskal Herrian, Katalunian eta Galizian ikusten da hori. Ikusi besterik ez dago, azken hauteskundeetako emaitzek zelako orbanak agerian utzi dituzten Estatu espainolaren errealitatean".

"Herri izaera propioa duten herrialdeen orbanak dira".


Estatuak alternatibarik ez

"Estatu espainolak ez dauka alternatibarik: politika bakarra da egungo estatus quoa mantentzea. Horrekin, egunen batean beste errealitate nazionalak ahultzeko asmoarekin".

"Horregatik, datozen urteetarako  erronkak dira: Kataluniarekin batera, lortzea, estatu espainolak nazio aitortza edo autodeterminazio eskubidea aitortzea. Aliantzak egin beharko ditugu euskal eragileekin ez ezik, katalanekin eta galiziarrekin ere".

"Euskal Herrian baldintzak ematen dira errealitate berriak eraikitzeko, plano politikoan eta sozialean, sakoneko aldaketara ailegatzeko".

"Esparru juridiko eta politiko berria nahi du gehiengoak. Gaur gaurkoz, aldaketa politikoaren beharraz EAJk ere hitz egiten du. Estatus politiko berria bultzatu nahi du, nahiz eta guk ez jakin zer esan nahi duten horrekin".

"Egungo markoa agortuta dago. Marko berria behar da".

"Nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea"

Bi ardatz nagusi: "nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea".

"Ezker abertzaleak eskaintza argia egiten du: behar du nazio aitortza, baina behar dugu ahalik eta azkarren estatu propioa eraikitzeko. Aitortza bai, baina beste estatu bat epe motzenean lortzeko, bi estatuen hankapetik ihes egiteko".

"Estrategia independentista da gure iparra".

"Bestela, Euskal herriak ez dauka etorkizunik. Politikoki, jakina, ezetz, baina ezta ekonomikoki ere. Ez dauka etorkizunik bi estatu horien barruan edo mendean".


Eskaintza politiko, soziala eta instituzionala

"Herri honen egunerokoari erantzuteko, eguneroko kudeaketa instituzionalarendako, alternatibak ditugu, Bildurekin erakutsi dugu hori".

"Gasteizko gobernua da helburua eta eskaintza badugu. Bi gauza lortzeko, batik bat: gatazkaren konponbidea eta euskal herritarrendako eskaintza ekonomiko, sozial eta kultural ezberdina, eredu ekonomiko berrirako".

"Horretarako, ezkerreko joerekin bat egiten dugu".

Gernikako Akordioa

"Gernikako Akordioa da gure bide orria.

"Eta baita Donostiako Bake Konferentzia".

"Helburua da epe motzera gatazkaren ondorioei aterabideak topatzea. Lehentasuna da".

"Horretarako, neurri ezberdinak bultzatu beharko lirateke: batetik, presoen aldeko keinuak, sakabanaketa, eszepziozko politikak deuseztatu, gutxiengo demokratikoak eman daitezen. Auzitegiek epe motzera Parot dotrina eta ezabatu… Eta, baita, ezinbestekoa da ETA eta gobernuen arteko elkarrizketa bultzatzea".


Epe luzera

"Epe luzera begira; Akordio politikoak bultzatu. Bi ardatz kontuan izanda: aitortza eta erabakitzeko eskubidea eta, horren barnean, proiektu politiko guztiak gauzatzeko aukera".

"Ez du balio Kataluniako estatutuarekin gertatutakoa, katalanek erabakitakoari zepilladoa egitea. Estatuek errespetatu behar dute herriaren nahia".

Amaiur lorpen garrantzitsua

"Amaiurren apustua lorpen sozial garrantzitsua da, kualitatiboki eta kuantitatiboki".

"Ezberdinen arteko batasuna lortu du Amaiurrek. Hori saritu du jendarteak. Garrantzia handia du Bilduk baino gehiago lortzea".

"Bide honek, harreman bideak egiteko balioko du, konponbiderako esanahi handia du".

"Aldaketa politiko eta soziala gidatu nahi dugu eta alternatiba sortu du Amaiurrek. Ondu egin du Bilduren bidea"

PP eta Espainiako gobernu berria

"Estatu mailan, PPren erabateko gehiengoak zer nolako eragina izango duen alor sozialean ikusiko dugu aurki. Neurri gogorrak hartuko dituzte eta horren aurrean herri gisa erantzun eta alternatibak eskaini beharko dira. Alternatiba propioa behar dugu".

"PPk ez dio modu eraikitzailean epe laburrean prozesuari helduko. Nahiko genuke, baina ez dugu uste gertatuko denik. Uste dugu gehiago joko dutela inpasse eta blokeo estrategietara, errealitateak luzatzeko joeretara".

Espainiako gobernu berriak krisi ekonomikoa lehentasunen artean jarriko du eta erabiliko du aitzaki moduan. Ez du hartuko iniziatiba eraikitzailerik. Beste aldearen urratsak exijitu eta exijitu ariko da".

Gazteriaren ordua

"Aldaketaren fasean dago Euskal Herria. Jendartearen erabakiaren esku jarriko duen fasean. Euskal gazteria subjektu klabea da prozesu honetan. Gazte mugimenduak bere estrategia eta bere antolakundeak beharko ditu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak