Berriz ere etorri dira, eta berriz ere galanta egin dute. Gaur arratsaldean estreinatu dute Eskoriatzan Pirritx, Porrotx eta Marimototsek euren azken lana, Zazpikoloro izenekoa, eta lortutako arrakasta ikusgarria izan da. Sarrera eskuan izanda ere, ilara luzeak sortu dira Eskoriatzako kiroldegiko sarreran ikuskizuna hasi aurretik. Eta behin barruan, dena hasteko minutu gutxi falta zirela, urduritasun eta zirrara aurpegi zien nagusi neska-mutikoen aurpegietan. Aurpegiez ari garela, egon da bere aurpegia Pirritxek edo Porrotxek bezala margotu duenik.
Kolore aniztasuna nagusi
Indartsu hasten da Euskal Herriko pailazo arrakastatsuenen azken ikuskizuna: musika martxosoarekin eta kolore askotako banderak astinduz. Eta hain zuzen ere horixe da ikuskizunak irauten duen ordubete inguruan kontatzen zaigun istoriaren mamia; aniztasunarekiko, ezbedinak direnekiko onarpena eta errespetua. Gai serioa, baina umore izpirik galdu gabe lantzen dutena. Umore kontuetan, nola ez, paper garrantzitsua izan dute Porrotxek eta bere puzkerrek. Pertsonaia berriak ere aurkeztu dituzte gaurkoan: Patakon bihotz oneko lapurra eta Belekoi Andere maltzurra.
Zoramena baina, bukaera aldera etorri da, kiroldegi guztia dantzan jarri denean. Agertoki gainean, pailazoak eta euren lagunak; agertoki behean, ehundaka neska-mutiko eta guraso. Askok dagoeneko buruz dakizkiten abestiak kantatu eta dantzatu dituzte; besteak beste dagoeneko klasikoa den Maite zaitut, gaurkoan galegoz, katalunieraz eta euskaraz abestu dutena.
Hasi den bezala, ilarekin amaitu da ikuskizuna. izan ere, Pirritx, Porrotx, Marimotots eta tropa guztia euren lagunekin elkartu dira besarkadak eman, argazkiak atera eta marrubizko muxuak eamteko. Esandakoa: berriz ere etorri dira eta beriz ere galanta egin dute.