Irati Aguado: "Argazkilaritzak indarra ematen dit barruko sentipenak eta kezkak kanpora ateratzeko"

Maider Arregi 2011ko azaroaren 27a

Belaunaldi berriko artista da 23 urteko Irati Aguado eskoriatzarra. Nortasun handiko argazkilaria, eta edonork ez daukan ikuspuntuduna. Argazkilaritza Profesionala ikasten dihardu Donostiako Ivasfot eskolan. Daukanarekin bizi izatea eta horretaz gozatzea da haren bizitzako filosofia.

Noiztik datorkizu zaletasuna?
Betidanik egon naiz arteaz inguratuta nola edo hala. Margolaritza eta marrazketa izan dira nire zaletasun nagusiak txiki-txikitatik; 18 urte nituela, Salamancara joan nintzen ikasketekin jarraitzeko amoz. Bertan izandako bizipenak eta zailtasunak bultzatuta argazkilaritzan bete-betean sartu nintzen; barruan nituen sentipenak eta kezkak nolabait kanporatzeko beharrezkoa nuen indarra izan nuen.

Argazki ona ateratzeko sekretua?
Zeinek du eskubidea argazki bat ona edo txarra dela esateko? Argazkilaritzaren historiari begiradatxo bat emanda, garai hartan teknikari demaseko garrantzia ematen zioten artistak zeuden; baina baita arauak alde batera utzi eta askatasun osoz nahi zutena egiten zutenak ere. Zer da ona? Eta zer da txarra? Argazki on bat barruan zerbait mugitu edo pizten duen irudia litzateke, axolagabe uzten ez duena.

Belaunaldi berriko artista zara, Starter erakusketan ere jarri dituzte zure argazkiak.
Primerako ideia iruditu zitzaidan. Nire argazki bat zintzilikatuta lehenengo aldiz ikusiko nuelako, pareta batean, eta esperientzia partekatuko nuelako. Gogor lan egin dugu erakusketa hori aurrera eramateko eta ikusleengandik jaso dugun erantzuna uste baino askoz hobea izan da. Etorkizun hurbilean beste gauza asko egiteko behar dugun indarra eta konfiantza ematen digu horrek.

Nolako argazkiak ateratzea gustatzen zaizu?
Momentu honetan ezingo nuke  gauza bakar bat aipatu, zaila egiten zait oso. Ikasketa profesionalak hasi nituenetik, ikuspuntua izugarri aldatu eta zabaldu dut. Argazkilaritza hain da aberatsa eta zabala… Orain, esperimentatzeko eta ezagutzeko une hoberenean nagoela uste dut eta horretan nabil jo eta ke. Hala ere, egia da erretratuen eta paisaien eremuetan erosoen sentitzen naizela.

Metal musika da zure zaletasunetako bat. Zuzenekoetan ikusle ala argazkilari moduan erosoen?
Argazkilaritzarekin batera musika bateratzen dudanean, ez dago ezer hoberik niretzako! Deskriba ezina da sentitzen dudana nire bi zaletasunak bat eginda daudenean.

Argazki mota horiek ateratzeko teknika ere ezberdina izango da.
Argazki mota bakoitzak bere teknika eta arauak ditu, baina norberaren esku dago gero horiei guztiei kasu egin edo sorkuntza erabiltzea. Garrantzitsuena honetan erabiltzen den objektiboaren argitasuna da. Jeneralean, oso argitasun txikia egoten da aretoetan, edo dagoena ez dute ondo erabiltzen, eta horrek zailtasunak azaleratzen ditu abiadura eta diafragmak aukeratzeko orduan, argazkia mugituta irten ez dadin. Fokuak jolaserako eta aipatutako sorkuntzarako erabilgarri dira; baina kolore aldaketengatik  argazkia hauts dezakete. Nik neuk oso argazkilari gutxi ezagutzen ditut kontzertuetako argazkietan benetan trebeak direnak. Gurako nuke teknika hori gehiago ikasi, eta, batek daki, agian hemendik urte batzuetara horretan lanean ibiliko naiz!

Argazki kamera bat?
Garrantzitsuena ez da zein kamera aukeratzen den. Argazkiak, azken finean, argazkilariak berak ateratzen ditu, kamera laguntza edo horretarako behar den makina besterik ez da. Garbi eduki behar da zein argazki mota ateratzea nahi den, baita zertarako erabili behar diren irudi horiek.

Buruan duzun argazki hori?
Uf! Ez da galdera erraza erantzuteko. Asko dira oraindik ateratzeke ditudan argazkiak, zorionez; bestela, erretiratzea besterik ez litzaidake geratuko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak