Gazteen egitasmoak bideratzeko diru laguntzak emango ditu Udalak

Asier Alkorta 2011ko azaroaren 14a

Gazteek antolatutako ekimen sozial, kultural edota hezigarriak diruz laguntzeko aukera onartu du Udalak. Horretarako, gazteek eskaerak egin ditzakete, Udal erregistroan, abenduaren 1a orduko. Diru laguntza esleitzeko Udalak puntuazio sistema bat zehaztu du.

Gazte elkarteei laguntzeaz gain, elkartu gabeko gazteekin ere sustapen lana egiteko asmoa erakutsi du Udalak. Horrela, entitate baten laguntza eta babesa ez duten gazteen proiektuak bultzatzeko eta sustatzeko diru laguntzak onartu ditu. Honekin Udalak gazteen parte hartzea bultzatu nahi dut. "Udalerriarentzat interesagarriak eta onuragarriak diren ekimenak gauzatzeko".

Funtsean, Udalaren esanetan, "sormen ekintza edo izaera horretako egitasmo positiboak burutu ditzaten laguntzea da asmoa; dirua ez dadila izan traba".

Deialdi honetarako aurrekontua 600 eurokoa da eta diru laguntzen onduradunak edo onuradunek beste administrazio batetik diru laguntza jasotzen badu, horrela adierazi beharko dio Udalari. "Beste diru laguntza bat jasotzea ez da Udalak ematen duena ukatzeko arrazoia izango"

Laguntza jasotzeko Udalak ondoko puntuazio sistema zehaztu du:

  • Proposatutako proiektuak proiekzio publikoa izatea: gehienez 15 puntu.
  • Proposatutako proiekturarentzat diru laguntza deialdirik ez izatea gainontzeko
    administrazioetan: gehienez 20 puntu.
  • Proposatutako proiektua euskaraz izatea edo euskararen erabilera bultzatzea:
    gehienez 20 puntu
  • Proiektuaren kostua eta norberaren ekarpen ekonomikoa: gehienez 50 puntu
  • Helburu bererako bideratutako diru laguntzei buruzko aitorpena: gehienez 10 puntu

Diru laguntza eskaera egiteko, Udal eskaera orrialde arrunta erabiliko da.

Dena den, gazteek derrigorrez bi baldintza bete beharko dituzte diru laguntza jaso ahal izateko: Elkarte Erroldan izena emanda dagoen gazte elkartea izatea, edo egitasmo bat aurrera atera nahi duen gaztea izatea, eta 2008. urtetik hona Eskoritzatn erroldatuta egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak