Alorrez alor herrian hobetu, aldatu edota sortu daitezkeen proiektuak proposatu eta eztabaidatu eta gero, gaur dena bateratuko da. Guztira, bost bilera egin dira orain arte eta bilera bakoitzean alor bat jorratu dute herritarrek, Udal agintariekin batera.
Azaroaren 22an egingo den bilera kenduta, gainerakoak eginda daude. "Ondorioz, gaur ahalik eta alor gehienak jorratzen saiatuko gara".
Horretarako, bilera egiteko, world coffe metodologian oinarritu da Udala. "Izatez metodologia hau gai ezberdinak jorratuko dituzten mahai ezberdinetan herritarren iritziak biltzean eta eztabaidatzean datza. Guk herritar guztiak mahairik mahai ibiltzea zail ikusten genuen eta ondorioz mahai ezberdinetan ahalik eta gai gehien jorratzearen alde egin dugu", dio Hercek.
Funtsean, bileran hiru galdera planteatuko dira: zer dago ondo herrian? Zer hobetu behar da? Eta zer falta da?. "Lehenengo galderaren helburua ondo dagoen eta aldatu nahi ez den eta ondorioz mantendu behar dugun hori identifikatzea da. Beste galderen erantzuna begi bistakoa da".
Erantzunarekin "pozik"
Eskohitza ekimenaren helburua guztien artean urte berrira begira herriak behar duen proiektu bat gauzatzea da. "Guk datorren urtera begira zer edo zer pentsatuta eta prestatuta daukagu, baina herritarren iritzia zein den asko interesatzen zitzaigun eta horregatik antolatu genuen ekimen hau".
Orain artekoak ikusita, Udala "oso pozik" dagoela dio alkateak. "Bilera guztietan egon dira herritarrak eta asko gainera. Horrekin, parte-hartzearekin, oso pozik gaude".
Biharko ekimenean parte hartzeko ere aurretik izena eman beharra dago. "Herritarrek kultura etxera deitu (943 71 46 88) edo komunikazioa@eskoriatza.net helbidera idatzi beharko dute ekintzan parte hartzeko".
Momentuz, biharko ekimenean parte hartzeko asmoa erakutsi duten herritarrak ez direla gutxi dio alkateak. Beraz, ekimen zabal hau ere arrakastatsua izango dela jakin eragin du Udalak.
Behin bilera guztiak amaituta, herritarrengandik jasotako iritziak bildu eta herrira begirako ondorio orokorrak aterako ditu Udalak.