Azoka 11:30etik 14:00etara egongo da zabalik eta denetarik saldu ahal izango da, beti ere, egoera onean izanez gero: liburuak, diskoak, arropa, altzariak, jostailuak... ez dago mugarik. Helburua berrerabilpena da, bere garaian erosi eta orain erabiltzen ez ditugun gauzei irtenbidea ematea.
Behin irakurri eta gehiago irakurriko ez duzun liburua, txiki gelditu diren patinak, ia berri dauden jostailuak baina ez direnak erabiltzen umeak handi egin direlako, ganbaran duzun eta inoiz erabiliko ez duzun arren botatzea pena ematen dizun sehaska, gehiago erabiliko ez dituzun eskiak edo bi urtez armairuan badaezpada gordeta duzun berokia... Zertarako, hautsa hartzeko ezpada?
Nola parte hartu
Gauza asko badituzu eta azokan parte hartzea nahi, mahaiak izango dira zure postua jarri ahal izateko. Hori da guk bultzatu gura dugun aukera, gero eta herri eta hiri gehiagotan egiten diren bigarren eskuko azoken antzera, horregatik, parte hartu gura duten guztiak animatu gura ditugu, bai eskoriatzarrak bai kanpotarrak, egun horretan norberaren gauzak saltzeko izan dezakegun lotsa apurra albo batera utzi eta guztion artean bigarren eskuko azoka eder eta erakargarria egiteko. Interesa dutenek mahaia erreserba dezakete kultura etxera deituta (tef. 943.71 46 88) edo e-maila idatziz (kultura@eskoriatza.net).
Adinekoen egoitzarako postua
Bigarren eskuko azokan adinekoen egoitzarako postua jarriko da. Bertan jasotzen den dirua egoitzarako izango da. Bolondres talde batek jendeak emandako gauzak salduko dituzte. Aurreko egunean, kultura etxean jasoko dira herritarrek postu honetarako utzi nahi dituzten materialak.
Informazio gehiago nahiko izanez gero, Kultura Etxera etorri edo 943 71 46 88 telefonora deitu.