Kafea ondoan zutela, lau taldetan banatu ziren parte-hartzaileak. Arloka egin zuten lan: etxebizitza eta diru laguntzak; immigrazioa, langabetuak eta formazioa; droga-menpekotasuna eta berdintasuna; eta pertsona nagusiekin lotutako gaiak. Bi ordu luzez hitz egin ostean, botatako proposamen guztiak batu zituzten udal langileek.
Alokairuak garestiegiak
Etxebizitzaren harira, parte-hartzaileek agerian utzi zuten alokairuak "nahiko" altuak direla herrian, eta horiek orekatzeko beharra azpimarratu zuten. Intxaurtxuetan amaitu barik dauden etxebizitzen gainean ere jardun zuten. Diru laguntzei dagokionez, jarraitu beharreko prozesua askotan oso luzea dela nabarmendu zuten. Laguntzekin jarraituz, arazo fisikoak eta psikologikoak dituztenendako laguntzak eskaintzea proposatu zen, eta baita horren gaineko sentsibilizazioa bultzatzea ere.
Immigrazio batzordea
Immigrazioari dagokionez, etorkinak, eta bereziki, horien umeak gizarteratzearen garrantzia azpimarratu zuten. Arlo hori hobeto lantzeko batzordea osatzeko proposamena egin zuten. Elkarrekin bizitzen ikasteko beharra ere irten zen batzarrean.
Denboraren bankua
Bestalde, gaur egungo egoerak bultzatuta langabeziaren harira "zerbait" egitea oso zaila dela onartu bazuten ere, gaineratu zuten formazioa eta lana topatzeko neurriak bultzatzen jarraituko dutela. Horren harira, denboraren bankua bezala ezagutzen dena osatzea erabaki zuten; hain justu ere, elkartrukean oinarritutako lanak sustatzea proposatu zuten.
Arazo fisikoak eta psikikoak dituztenenei zuzendutako hainbat neurri ere aipatu ziren: umeendako ziburu egokituak jartzea, igerilekuko uraren tenperatura igotzea hotz geratu ez daitezen edo gimnasio egokitua egitea.
Gazteendako aisialdi ekimenak
Droga-menpekotasunari dagokionez, alkoholaren kontsumoak gora egin duela ohartarazi zuten. Horren aurrean, prebentzioan lan egitea eta gazteeendako aisialdi ekimenak egitea proposatu zuten. Horretaz gainera, herrian borondatezko lana bultzatu beharra dagoela ere ikusi zuten. Bestalde, berdintasunaren alorrean genero-indarkeria agerian utzi beharra dagoela azpimarratu zuten parte-hartzaileek.