Jakina da kirola gustuko duzula. Noiztik praktikatzen duzu?
Txikitan hasi nintzen. Ikasten nengoenean, multikirol moduan ezagutzen dena ere bazegoen, eta ordutik daukat nik oroitzapena. Dena dela, ziurrenik, lehenago hasiko nintzen, gurasoekin mendira joateko zaletasuna izan dugu-eta etxean. Ohituta geunden mendira joatera, eta, agian, hortik etorriko zait niri ere zaletasuna.
Eskubaloian jokatzen duzu. Noiztik?
Nik uste dut 12 urterekin-edo hasi nintzela, Almenen. Hasiera gogorra izan zen, gehienek futbolean jokatu nahi zutelako. Baina batzuk eskubaloian hasi ginen, eta sekula ez naiz damutuko pauso hura emateaz.
Gazte mailara iritsi arte Almenen jokatu nuen eta jarraian Arrasatera joan nintzen. Gero, Huescan izan nintzen Gorputz Hezkuntzarako Institutu Nazionala (INEF) ikasten, eta hango talde baten urtebete eman nuen. Hiru urte eman nituen Huescan: bitan asteburuetan etortzen nintzen eta hirugarren ikasturtean, han lagun asko nituenez jokatzea erabaki nuen. Erabaki ona izan zen hura, nahiz eta profesionala ez izan, esperientzia txikia izan nuen-eta profesionaltasunarekin. Bizipen polita izan zen niretako; asko ikasi nuen han. Baina gaur egun eskubaloitik bizi izatea oso utopikoa da.
Azkenik, Arrasatera itzuli nintzen ostera ere; etxean moduan sentitzen naiz han.
Zer dauka eskubaloiak futbolak ez duena?
Gaztea zarenean, 11 edo 12 urterekin, telebistan futbola ikusten duzunez gehiago erakartzen zaitu horrek. Baina gero konturatzen zara beste kirol asko daudela eta horiek ere xarma dutela; esaterako, futbolean hamaika lagunek bakarrik jokatzen dute eta hainbat aldaketa egiteko aukera dago. Eskubaloia eta saskibaloia dinamikoagoak dira, eta partidu guztia jokatzeko aukera ematen du. Txikitan, gehiago edo gutxiago, guztiok jokatzen genuen eta giro ona geneukan. Horixe da eskubaloiak duen alde positiboa.
Beste kirol batzuk ere ederto asko ezagutzen dituzu, orain zuk zeuk antolatzen duzu-eta umeendako multikirola...
Hala da. Lehenengo, Irakasle ikasketak egin nituen Gasteizen eta gero, Huescara joan nintzen INEF egitera. Zortea izan nuen, ikasketak amaitu bezain pronto lana aurkitu nuelako. Multikirola antolatzen dut, Leintz eskola kirola elkarteko koordinatzailea naiz Eskoriatzan eta Aretxabaletan. Oso gustura nago.
Zer dute gustuko umeek?
Futbola. Hori ez da aldatu orain dela 15 urtetik hona. Gaur egun, futbol elkarteak oso lan ona ari dira egiten. Dena dela, askotariko kirolak egiten dituzte. Bailaran elkartea duten kirol guztiak lantzen saiatzen gara, gerora begira ume horiek aukera izan dezaten kirol hori Debagoienean praktikatzeko.
Bestalde, udalekuetan ere ibiltzen zara neska-mutikoekin...
Bai, sei bat urte daramatzat joaten. Oso esperientzia polita da, bai begirale moduan joaten garenendako, baita ikasleendako ere. Ikastetxeetatik kirolarekin lotuta antolatzen diren udalekuetan parte hartzen dut: esaterako, bizikletan ibiltzera edo mendira. Aurten, Santiago bidea egin dugu. Bestetik, orain dela bi urte, Tourrean izan ginen: Iruñetik irten ginen bizikletan eta Tourmaletera heldu ginen. Oso irteera polita izan zen hori.
Kirola albo batera utzita, gustura bizi zara Eskoriatzan?
Gustura nago. Baina edozein tokitara joango nintzateke bizi izatera; beste herrialde batzuetako kulturak ezagutzea beti da aberatsa. Atzerrira joango nintzateke, baina ingeles maila hobetu behar dut. Hori lantzen nabil, eta, agian, datorren urtean Londresera joango naiz, udan, Olinpiar Jokoak han direla aitzakia hartuta.
Nolakoa da Eskoriatza?
Handia den herri txikia da. Eskoriatzarrak herrikoiak eta gertukoak dira, eta horrek xarma berezia ematen dio herriari. Eta aipatzekoa da hainbat elkartek egiten duten lana.