Xarma aurrez aurre dagoenean...

Maider Arregi 2011ko urriaren 29a

Eskoriatzakoa izan da Danbakako laugarren edizioko irabazleek Karenka lan berria zuzenean aurkezteko aukeratu duten plaza. Taldekideen gertutasunak eta apaltasunak hasieratik erakartzen du jendea. Eta honi, eszenatokian duten jarrera indartsua eta zuzena gehitzen badizkiogu, talde borobila egiten du Xarma.

Badakite publikoarengana iristen eta sentsazioak transmititzen; guzti horrek egiten du taldea handia. Bigarren disko honetan, zuzenean duten indar hori islatzen jakin dute. Urduritasuna, poza...sentsazio ugari daramatzatela barruan bor-bor  kontatu digute taldekideek. Diskoa eguaztenean kaleratu bazen ere, zuzenekoan abesti asko ikusleak berehala egin zituen bere.

2010ean ezagutu genituenetik beste buelta bat eman diote doinuari. Pop eta rock ukituetatik metal eta punk rock doinuetara salto egin dute oriangoan. "Disko zuzenagoa eta indartsuagoa da. Nortasuna hartu du taldeak lan honekin. Letrak zintzoagoak dira", kontatu digu Itsaso Gutierrezek.

Bariku gauean, Libre kantua, Ikasle Abertzaleak-en aurtengo kantua, izan zen erantzun, harrera beroena eduki zuena. "Jendea abesti horrekin animatzen da; irratietan eta tabernetan jartzen dutela esan digute, pozgarria da". "Inpresio oso onarekin gaude; oholtzan gehiago aritu beharra daukagu; izan ere, uztailetik geldi egon gara diskoa grabatzeko eta prestatzeko lanetan buru-belarri genbiltzalako", gaineratu digu Gutierrezek.

Billabonan izango dira zapatuan Ikasle Eguneko jaialdian. Azaro eta abendurako ere badituzte zuzenekoak lotuta.

Disko aurkezpena

Kontzertua hasi aurretik, baina, Aitzorrotz Kultura elkartearen laguntzarekin, diskoa aurkeztu zuten Inkernu tabernan. Diskoa entzun eta mokadutxo bat jatera animatu ziren eskoriatzar dezente. Iñaki Kortazar Aitzorrotzeko kideak balorazio positiboa egin digu: "Taberna bete egin da eta diskoak ia agortu; jendearen erantzuna oso positiboa izan da bai aurkezpenean eta baita zuzeneko kontzertuan ere".

Durangoko azokan

Ahotsenean zuzenekoa eskainiko du abenduaren 4an Xarmak. Diskoa, gainera, Gatazka Gunean eskuratzeko aukera izango da eta taldekideak ere bertan egon nahi dutela adierazi digute.

Karenka kantuaren bideoklipa, berriz, abendurako gertu izatea espero dute. Zapatuan grabatu zuten Arrasateko San Andres auzoan bideoklip horren zati bat.

"Eskerrak eman nahi dizkiegu grabaketetan lagundu gaituzten Imanol eta Kepari; eta nola ez  Andoni, Iñaki eta Eskoriatzako zuzenekoa posible egiten lagundu diguten herritarrei ere", azpimarratu gura izan dute Xarmako kideek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak