Eskoriatzako Udalak "denok denona entzuteko" prozesua jarri du martxan

Mirian Biteri 2011ko urriaren 27a

Eskoriatzako Udalak eskoriatzarren ideiak, iritziak eta iradokizunak jaso nahi ditu eta horretarako parte-hartze prozesu irekia jarriko du martxan azaroan. Atzo arratsaldean egindako aurkezpenean, Eskoriatzako alkate Beñat Hercek jakinarazi zuen 16 urtetik gorako "edozein" dagoela gonbidatuta. Honakoa aipatu zuen: "Herritar desberdinak elkarreraginean jarri nahi ditugu. Denok denona entzun eta bakoitzak berea esateko. Baina, interes komuna izango da: Eskoriatza".

Komunikazioa errazte aldera lan taldeka banatuko direla esan zuen, eta bi modutako lana antolatu dutela: arlokakoa azaroa hasieran egingo da, bilerak sektorialen bidez. Azaroaren 2an izango da lehena. Gizarte Ongizateaz jardungo dute 16:30ean; 3an, Pertsonalez 14:00etan eta Kulturaz 18:00etan; 4an, Parte-hartze eta Komunikazioaz 19:00etan; azaroaren 8an, Turismoaz eta Ingurumenaz 18:00etan; eta 9an, Hirigintzaz 19:00an. Batzar guztiak kultura etxean dira, Turismoa eta Ingurumenarena izan ezik; museoan da hori.

'World Cafe' metodologia

Horretaz gainera, azaroaren 12an, World Cafe metodologian oinarritutako ekitaldia izango da, 10:00etatik 13:00etara, herriko kiroldegian. Horren harira, etxetik kafe-katilua joateko deialdia egin zuten prentsaurrekoan parte hartu zutenek.

Hercek azaldu zuen prozesu horren helburua dela datorren urterako ekintza plana eta aurrekontua parte-hartzailea uztartzea. Bestalde, gogorarazi du parte hartzeko asmoa dutenek aurretik eman behar dutela izena 943 71 46 88 (kultura etxea) zenbakian edo komunikazioa@eskoriatza.net helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak