Imanol Zubizarreta: "Hemen bizi izango banintz, gustura sartuko nintzateke ostera ere Udalean"

Mirian Biteri 2011ko urriaren 26a

Zortzi urte eman zituen Imanol Zubizarretak Eskoriatzako zinegotzi moduan, Euskadiko Ezkerra alderdiaren eskutik. Kulturaz eta kirolaz arduratu zen bereziki urte haietan. Datozen lerroetan garai haiek gogorarazi, eta, Zarautzen urteak bizi izaten badaramatza ere, gaur egungo Eskoriatzaz egin digu berba.

Nola iritsi zinen 1983an Eskoriatzako udaletxera?
Konpromiso bati aurre egiteko. Euskadiko Ezkerrako militantea nintzen; guretako garai polita zen, eta partidu berari bultzada emateko eta udaletxean gauzak egiteko asmoz sartu nintzen. Militantziagatik eta herriaren alde lan egiteagatik erabaki nuen sartzea. Bi agintaldi jarraian egin nituen han; hain justu ere, 1983 urtetik 1991ra bitartean.

Kirolaz eta kulturaz arduratu zinen ezta?

Bai, hala da. Garai hartan, ardurak denon artean banatzen ziren; lan egiteko gogoa zeinek zuen kontuan hartzen zen eta horren arabera banatzen ziren ardurak; alderdi batekoa edo bestekoa izateak berdin zuen. Partidu bakoitzeko ideologia atean uzten genuen; komunean eta herriaren alde lan egiten ahalegintzen ginen beti.
Azken horren harira, nik uste dut aldaketa egon dela, bereziki egoera politikoagatik. Gure garaian partidu guztiak geunden ordezkatuta eta ez zegoen arazorik; dena dela, gogotzen dut EA eta EAJren arteko zatiketak nolabaiteko tentsio puntua eragin zuela, baina azkar bukatu zen hori. Espainiako Alderdien Legeak udaletxe mailako lana oztopatu duela iruditzen zait. Denon eskubideak ez dira errespetatu, eta hori igartzen da.

Gogoratzen dituzu garai hartako proiektu esanguratsuenak?
Bai. Elkarlanean euskaltegia jarri genuen garai hartan martxan, baita museoa ere. Orain Ibarraundi museoan dauden erakusketak eta bestelakoak udaletxe azpiko areto batean jartzen hasi ginen. Horretaz gainera, kultura etxea eraikita bazegoen ere, hornidura eta lehenengo programak ere jarri genituen martxan orduan.
Bestalde, bi kontutxo gordetzen ditut. Batetik, gogoratzen naiz Eskoriatzan lehen aldiz udan egin ziren lan kanpamenduak. Espainiatik hainbat gazte etorri ziren, eta, besteak beste, lehengo biltegi zaharra eta harraska konpondu zuten. Bestetik, Telesko dago. 1984. urtean, Euskadin lehen aldiz sortu zen herri telebista, eta gorabeherekin bada ere, oraindik hor dihardu. Barruan daramat proiektu hori, eta Eskoriatzan bizi ez banaiz ere, astero etortzen naiz laguntzera.

Nolakoa zen garai hartako herria?
Biztanle kopuruari dagokionez ez da asko aldatu, herria handitu bada ere. Nabaritu dudana da inguruko herrietako jende gazte asko etorri dela. Gure garaian etxe gutxi egin ziren, eta ez zen aldaketa handirik egon; are gehiago, gazte asko kanpora joan behar izan zen. Baina, gerora, alderantzizkoa gertatu da; hori positiboa dela iruditzen zait.

Bestelako aldaketarik igarri duzu?
Esan bezala, Eskoriatzan ez naiz bizi, baina hala eta guztiz ere, aldaketak igarri ditut, Euskal Herriko gainerako herrietan bezala. Lehen parte-hartzea handiagoa zen; orain jendea indibidualistagoa bihurtu da. Baina hori gizartearen ondorioa da. Eskoriatzan, dena dela, nik uste dut azkenaldian suspertu egin dela ostera ere parte-hartzea. Gazteek gero eta ekimen gehiago antolatzen dituzte; eta hori ezinbestekoa da herri batendako.

Bestalde,  2003an eta 2007an EB-Berdeak taldearen zerrendan joan zinen...
Hala da. Euskadiko Ezkerra desagertu zenean, EB-Berdeak taldeak hartu zuen indarra herrian, lehengo alderdiko boto emaileak hartu zituen azken horrek. Laguntzea gustuko dut eta hortaz, zerrendetan joan naiz behin baino gehiagotan.

Ostera ere zinegotzi izatea gustatuko litzaizuke?
Ez dut ondo ikusten Eskoriatzan bizi ez den pertsona bat zinegotzi izatea; eta nik 11 urte daramatzat Zarautzen. Baina, hemen biziko banintz gustura sartuko nintzateke ostera ere udaletxean; beste inor egongo ez balitz, dena dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak