Urte amaierarako gura dituzte etxebizitza tasatuen giltzak ematea

Mirian Biteri 2011ko urriaren 20a

Atzo iluntzean egindako osoko bilkuran, Beñat Herce alkateak jakinarazi zuen hilaren 26an ezohiko bilkura egingo dutela, eta horretan, datorren urteko ordenantza fiskalak onartzeko asmoa izateaz gain, zaharren egoitzako patronatuko ordezkariak izendatuko dituztela. Horretaz gainera, gaineratu zuten Visesak eta Udalak urte amaierarako Santa Marina etxebizitza tasatuen giltzak emateko konpromisoa hartu dutela.

Bestalde, Diputazioarekin ere batzartuta egon dela azaldu zuen, eta datorren urteari begira Udalak diru gutxiago jasoko duela iragarri ziotela han; hain justu ere, ekarpena %11 gutxiago izan daitekeela jakinarazi zioten.
Hori alkatearen jakinarazpenei dagokionez; baina, horrez gainera, beste 23 puntu landu zituen udalbatzak, horietako lau mahai gainean utzi bazituzten ere. Besteak beste, Debagoieneko Mankomunitateko batzorde informatiboetarako ordezkariak aukeratu zituzten: Ingurumen eta Garapen Ekonomikoan Leire Urtzelai (Bildu) izango da eta Ogasun eta Pertsonalean, Beñat Herce bera.

San Pedro berritzea

Bestalde, San Pedro kalea, 1. zenbakitik 9ra, berritzeko proiektuari aurkeztutako alegazioak aintzat ez hartu eta egitasmoa behin betiko onartu zuten. Alegazioei dagokienez, eztabaida egon bazen ere, alderdi guztietako ordezkariek nabarmendu zuten lehenbailehen hasi behar dutela esandako ingurunea berritzen.

Horrez gainera, Debagoieneko ospitale berrirako proiektuan egindako murrizketak salatu zituzten. PSE taldekoa izan ezik, gainerako beste zinegotzi guztiek EAJk aurkeztutako mozioaren alde bozkatu zuten.

Bestalde, eguazteneko osoko bilkuran itzultzaile zerbitzua jarri zuten martxan; Enrike Gorrotxategi udal itzultzaileak egin zuen lan hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak