Tapoirik tapoi Aratz txikiaren alde

Arritxu Barruso 2011ko urriaren 15a

Merienda hartzen lagunez inguratuta topatu genuen martitzenean Aratz Aldai mutiko eskoriatzarra. Garun paralisia dauka hiru hilabete zituenetik eta epilepsia krisiak ere izaten ditu.

Goizetan Bergarako Aspacera eramaten dute eta arratsaldeetan Eskoriatzako eskolara joaten da, laguntxoengana. "Oso garrantzitsua da guretzat hezkuntza partekatua izatea; hau da, ohiko eskolara ere joatea. Oso ona da Aratzendako, baina uste dut ona dela gelakideendako ere, beste oinarri eta balio batzuekin hazten direlako", diosku Aratzen amak.

Ingurukoen berotasunean
Hain justu ere, gelakideen eta guraso elkartearen eskutik etorri da Aratzi laguntzeko kanpaina. Plastikozko tapoiak batzen dihardute eta dagoeneko bi tona inguru batu dituzte. Ortuellako enpresa batek 210 euro emango dizkie batzen duten tona bakoitzeko. "Ekaina inguruan hasi ginen bilketa egiten eta ikaragarria izan da jaso dugun erantzuna. Eskoriatzan neska-mutikoak etortzen zaizkit tapoi batekin eta esaten didate: "Hau Aratzentzat". Oso polita da babes hori sentitzea. Maite gaituztela sentitu dut. Penintsula osotik iritsi zaizkigu tapoiak. Garrantzitsua da baita ere gizarteari erakustea gure moduko kasuak badaudela. Hor gaudela".
Tapoiak Arrasateko lokal baten gordetzen dituzte. "Eskerrak eman nahi dizkiot bereziki Luis Martinezi. Lokala utzi digu San Andres auzoan eta hura gabe ezinezkoa izango litzateke hau guztia. Baina Luisi bakarrik ez; egia esan, eskerrak eman nahi dizkiet nire aldamenean dauden guztiei eta laguntzen diharduten guztiei, bihotz-bihotzez".

Tapoiak uzteko puntuak
Eskoriatzan hainbat tokitan jasotzen dituzte Arantzendako tapoiak: udaletxean, kiroldegian, HUHEZI Fakultatean eta eskolan, besteak beste. Arizmendi Ikastolako eskola guztietan ere ari dira bilketa egiten, baita Zigorrolako erretiratuen elkartean eta Euskadiko Kutxako bulego zentraletan ere. Aretxabaletan ere eskolan batzen dituzte tapoiak.
Eta zer egingo duten tapoiekin jasotako diruarekin? Aratzi merezi duen bizi kalitatea eman. "Handitzen doan heinean asko dira egin beharreko inbertsioak. Etxean egokitzapenak egin behar dira, autoan ere bai... Laster, gurpildun aulki berria beharko du. Gastu handia da". Ea, ba, denon artean, tapoirik tapoi, Aratzen bizitza erosoago egiten dugun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak