Maider Otamendi: "Bizitzan egin beharreko gauzetako bat behar luke, denok pasa behar genuke Udaletik"

Julen Iriondo 2011ko urriaren 12a

Maider Otamendi (Eskoriatza, 1976) oso gazte sartu zen udalean. Zinegotzi gisa bi agintaldi egin eta gero, familia izan eta ez zuen zinegotzi jarraitu, nahiz eta udalbatzan amaitu zuen hirugarren agintaldia ere. EAk ez zuen hasieran zegozkion hiru zinegotzietako baten kargua hartu; alderdia zatitu eta zituen bi zinegotziak H1!era pasatzean batu zen udalbatzara, EAk ordezkaritza izaten jarraitu zezan, zerrendan, atzean, baina bai baitzihoan.

Nola hasi zinen politikan?
Familiatik zetorkidan. Aita beti egon da inplikatuta politikan, eta ama ere bai. Gaztetatik nabil. Duela 12 urte sartu nintzen. Beti EAn, nahiz eta batzuetan alderdiak hartu zituen erabakiekin ados ez egon. Neure ideia propioak izan ditut. Ni ez naiz egon politikan sartuta, udaletxean baizik. Nire aitak beti esan du, eta nik ere hala diot, udaletxetik denok pasa behar genukeela, bizitzan egin beharreko gauza bat behar lukeela. Nik bi karrera egin ditut, ingeniaritza eta udalekoa. Gauza asko ikasten dira. Beti gustatu izan zaizkit halakoak: lehen dantza arloan ibili nintzen, beti borondatez eskolak ematen, gero gazteekin, gazte asanbladan... Pertsona dinamikoa naiz. Udala utzi eta ikastolako guraso taldean egon nintzen, gero Arizmendiko errektore kontseiluan... 

Kultura arloan ibiltzea ez zen kasualitatea izango...
Ni beti ibili naiz kultura arloan, gustatzen zaidalako. Ni ez naiz ibili udalean politikoa naizelako edo politika gustatzen zaidalako. Gustatzen zaidana da herrigintza, gauzak antolatu eta herriaren alde lan egin.

Loturarik baduzu orain?
Jarraitzen dut, ahal dudan neurrian, herri mailako eta bailarako EAren bileretara joaten, eta baita orain osatu dugun Bilduren bileretara joaten; baina orain, umeak ditudala, nire lehentasuna umeak eta familia dira. 

Zure urteetan egindako lanetan, zer nabarmenduko zenuke?
Nik azpimarratuko nuke lehenengo agintaldia, Edorta Zubizarretarekin. Niretzako dena zen berria eta, agian, ordura arte egindakoa gertutik ezagutzen ez nuelako, baina irudipena dut Eskoriatzan kultura arloan pauso handiak egin zirela. Eta alkatea ez zen gure alderdikoa, baina hala da. Agian, ordura artekoek ez zioten hainbeste inportantzia eman kultura arloari, orduan sartu ginenak gazteagoak ere baginen. Eta ez bakarrik udalean, kanpoan ere jendea mugitzen hasi zen. Orain, berriz ere, gainbehera doa, baina sasoi hartan kultura talde asko zeuden: gazte asanblada, Axtroki, gaztelekuak zabaldu ziren, ludotekak... Gauza asko sortu ziren, ez bakarrik udaletik, herritik, eta udalak babestu egin zituen.

Eta gauzatu gabekoetan, erabilera askotariko aretoa, Zaldibar antzokia.
Bai. Ni sartu nintzen lehenengo urtean ere komentatzen zen beharra zegoela, baina asko kostatu da zerbait egitea. Ez dakit noizko bukatuko duten, baina egiten ari dira behintzat. Azken agintaldian eman zaio bultzada. Baina poliki doa. Asko izan da diru arazoa, uste dut. Dirua izan ezkero barrabarra gauzak erraz egiten dira. Baina  azken agintaldiko bereizgarria izan da diru falta, egoera zaila izan da udalean.

Ibarraundi ere zure garaikoa da.
Bai. Oso obra polita egin zen. Museoak merezi zuen, ze ordura arte leku eskasean zegoen, gutxietsia. Merezi zuen leku polit bat, eta ikusten da erabilera handia duela. Jende asko etortzen da museoa ikustera, egunero dago talderen bat, eta aretoak ere erabiltzen dira gauza askotarako, kultura etxearen osagarri, ze hura txiki geratu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak