Leixargaratera doazen hiru mendi pista konpondu dituzte udan. Hain justu ere, Mandobide, Bolibarko Karoi baserritik gora doan bidea eta elizate bereko Aginaga baserritik abiatzen eta Atxorrotz ingurutik doan pistak txukuntzen ibili dira herriko Ferreira enpresako langileak.
Orain dela urtebete hasi ziren Leixargaraterako hiru pista horiek konpontzeko lanekin, Diputazioari diru laguntza eskatutakoan. Egindako obrekin, mendizale, artzain eta baserritarrendako hain ezaguna den Leixargarate ingurunera doazen bideak ireki dira ostera ere; izan ere, oso egoera kaskarrean zeuden-eta.
Baserritarrek eskatuta
Horren harira, honakoa azaldu digu Elizateetako zinegotzi Iñaki Madinabeitiak: "Bideak baserritarren eskaera eginda konpondu dira, izugarrizko beharra zegoelako. Esaterako, Mandobide pistan, oztopoz beteta zegoen kilometro bat pasatxoko tartean, ezin zen pasa. Mendiolatik hasita oso ondo dago bidea, baina Arlaban ingurunean ezinezkoa zen handik pasatzea. Zerbait egin beharra zegoen, jakinda beti izan dela bide garrantzitsuenetarikoa".
Bolibarko Karoi baserritik gora doan bidea ere oso egoera txarrean zegoen, eta konponketa handia behar zuen lau kilometro pasatxoko dituen zatian. Azkenik, elizate bereko Aginaga baserritik abiatu eta Atxorrotz ingurutik Leixargaratera doan bideak ere konpondu beharra zuen, ondoen zegoena bazen ere.
Lan horren aurrekontua 90.000 euro baino zertxobait gehiago izan da. Madinabeitiak diru hori nondik atera den jakinarazi du: "Gipuzkoako Diputazioak 60.000 euro eman ditu. Gainerakoa baserritarrek eta Eskoriatzako Udalak jarri dute; gutxi gorabehera 17.000 bideratu dute baserritarrek, eta beste horrenbeste Udalak".
Bideok erabiliko dituztenek horiek errespeta ditzatela ere eskatu du Elizateetako zinegotziak. Horren harira, gogorarazi du pistak horiek mantentzea baserritarraren lana dela.