Udalak euskarari lehentasuna emango dion araudi berria du

Mirian Biteri 2011ko urriaren 3a

Eskoriatzako Udalak datozen lau urteotarako hizkuntza politika aho batez onartu zuen irailaren 21ean egindako azken osoko bilkuran. Berrikuntzekin dator araudi berri hori; esanguratsuena hemendik aurrerako osoko bilkurak euskara hutsean egingo direla eta gaur egun euskararik ez dakiten bi zinegotziendako itzulpena jarriko dela izan daiteke.

Horren harira, honakoa azaldu du Eskoriatzako alkate Beñat Hercek: "Hilero egiten ditugun osoko bilkuretan nahi dugu euskara izatea erabiliko dugun hizkuntza bakarra; baina, zinegotzi guztiak euskal hiztunak ez direnez, itzulpen zerbitzua jarriko dugu, komunikazioa errazte aldera". 

2008. urtean onartu zen azkeneko Eskoriatzako Udalaren hizkuntza politikarako txostena. Agintaldi berria hasi dela-eta, udal ordezkari berriekin proposamen berria landu eta batzordearen oniritzia jaso ostean, osoko bilkuran onartu dute. 

Hirigintzako hitz teknikoak

Araudia lau ataletan dago banatuta: Itzulpen politikari dagokionez, osoko bilkuraz gain, batzorde informatiboetan ere zelan jokatuko behar den zehazten da. Hirigintza, Ogasuna eta Pertsonal batzordeetako batzarrak ele bietan izango dira; eta gainerakoak euskaraz, zinegotzi elebakarrik ez dagoenean. Aktei dagokionez, Hirigintzakoak gazteleraz sortzea eta euskarazko laburpena egitea adostu dute, "hitz teknikoak" direla-eta. Gainerakoetan euskara erabiliko da.

Bestetik, hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak ere jasotzen dira. Ahal den guztietan, testua euskara hutsean erabiliko da, eta ez da sinatuko gaztelera hutsean idatzitako kanporako idatzirik. Edonola ere, ele bietan idatziz gero, euskarari emango zaio beti lehentasuna. Bestalde, ahozko komunikazioei dagokionez, harreman-mota guztietan (telefonoz, harrera lekuetan…) euskaraz egingo dute lehen hitza udal langileek, eta gero solaskideak hautatzen duen hizkuntzan jarraituko dute. Udal barruko harremanak, ahal den neurrian euskaraz izango direla ere aurreikusten da.

Bestalde, langile eta funtzionarioen hautaketa prozesuetarako irizpideei dagokionez, kontuan izango dira Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legea eta 86/1997 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duena.

Udalarekin euskaraz

Azkenik, kontratazio administratiboetarako irizpideak jasotzen ditu araudiak. Besteak beste, obra, hornidura, aholkularitza eta laguntza, eta zerbitzuak kudeatzeko kontratuetan enpresa esleipendunak Udalarekin duen harremanetan "normalean" euskara erabiliko duela aurreikusten da.

Horretaz gainera, kontratu mota edozein delarik ere, Udalak hizkuntza betebeharrak derrigorrezko baldintza moduan ez eskatzea erabakiko balu, zerbitzua euskaraz emateko gaitasuna meritu moduan baloratuko dela aipatzen da onartutako hizkuntza politika berrian.

Urriaren 19tik

Orain alegazioak aurkezteko garaian daude Eskoriatzan. Dena aurreikusi bezala irteten baldin bada, urriaren 19an egingo duten osoko bilkuran politika berria aplikatzen hasi nahi dutela azaldu du Hercek.

Txosten horren helburua da 2011/2015 agintaldirako Udalaren hizkuntza politika zehaztea; hain justu, euskararen normalizazioan jarraitu nahi den ildoa definitzea. Horren harira honakoa esan digu alkateak: "Gure helburuetako bat da euskara indartzea bai ezagutzan eta baita erabilera aldetik ere. Horren harira, nik uste dut euskararen normalizazioan Udala eredu izan behar dela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak