Perretxiko, Ezkurtxo eta bizikleta irteerari Xarma taldea gehitu zaie aurten

Mirian Biteri 2011ko irailaren 29a

Aurten ere ekintzaz josita dator urriko kultura egitaraua. Horietatik aipatzekoa da hil bukaeran Xarma musika taldeak egingo duen diskoaren aurkezpen ofiziala. Danbakako laugarren edizioko irabazleak Karenka izeneko lana aurkeztuko du urriaren 28an Inkernu tabernan, 19:00etan.

Egun berean, Max Sarietan Euskal Autore Onenaren kategorian izendatutako Bestela ondo... ezta? izeneko antzezlana ikusteko aukera izango da unibertsitatean, 22:30ean. Jon Urrazak sortutako helduendako umorezko antzezlan horretan bi pertsonaien arteko nahasketa islatzen da, bata Aitor aktorea eta bestea berak sortutako Lander fikziozko pertsonaia.

Baina, aurretik urteroko ekintzak izango dira; tartean, Olazar erretiratuen elkarteak antolatutako hitzaldiak eta tailerrak. Urriaren 10ean, elikagaien segurtasunari buruzko hitzaldia izango da kultura etxean, 17:00etan; eta hurrengo egunean, ordu eta toki berean, gai berari buruzko tailerra. Urriaren 13an, dendetatik kanpoko salmentez eta mirari produktuez jardungo dute 17:00etan.

Neska-mutilak nagusi

Urriaren 15ean, ostera, hitzordu bikoitza dago. Batetik, Arizmendi ikastolakoak Gellaora joango dira Ezkurtxorekin batera. 15:30ean abiatuko dira esandako elizaterantz. Bestalde, urtero moduan, Luis Ezeizakoak inguruko mendietara joango dira perretxiko bila. Goizean goiz ibiliko dira neska-mutikoak perretxikotan, gurasoez lagunduta. Arratsaldean, batutakoa sailkatuko dute, eta hurrengo egunean, urriak 16, erakusketa egingo dute horrekin.

Bestalde, urriaren 19an hitzordua dute ardo zaleek. Ardo dastatzea egingo dute 18:30ean, kultura etxean. Bi ordu inguru iraungo du saioak eta doakoa izango da; asmoa da ardoa modu praktikoan eta atseginean ulertzeko dastatzearen oinarrizko printzipioak ezagutaraztea. Horren harira, Arabako Errioxako upeltegien elkarteak aditu bat jarriko du horretarako.

Bizikletan ibiltzea gustuko dutenendako urteroko irteera ere egingo dute aurten. Urriaren 23an, domeka, egingo dute Eskoriatzako XXII. Mendi Bizikleta Ibilaldia, Eskoriatzako Udalak eta Areka BTT elkarteak antolatuta. Izenematea egunean bertan egin beharko da. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak