Honakoak dira Elizate eta Lete auzoko alkate berriak: Apotzagan, Juan Mari Lezeta; Bolibar-Ugazun, Mikel Gotzon Ortueta; Gellaon, Ana Rosa Iregi; Marinen, Alberto Letona; Mazmelan, Iban Diaz; Zarimutzen, Ane Gaztañaga; Mendiolan, Ane Miren Arrese; eta Leten, Monika Madinabeitia.
Alkatea %80an
Esan bezala, Beñat Herce alkatearen dedikazio portzentajea aldatzea aho batez onartu zuten udalbatzarrean. Dedikazio osoa izan beharrean %80ean egongo da urriaren 1etik alkatea. Astelehenetik eguenera bitartean Udalean jardungo du eta egubakoitzean, bere lehengo lanean; hain justu, Oñatiko Enpresagintza Fakultatean. Haren ordez, Leire Urtzelai (Bildu) zinegotzia izango da egun horretan.
Bestalde, Maixol Iparragirre preso eskoriatzarraren alde, Eskoriatzako presoen aldeko taldeak aurkeztutako mozioa onartu zuten; Bilduren zinegotzien aldeko botoa, Elizatekoen abstentzioa eta PSE-EEren kontrakoa. EAJ eta EB-Berdeak taldeetako zinegotziak ez ziren osoko bilkuran izan.
Oinarrizko eskubideak errespetatu
Horretan Iparraregireren egoeragatik "ardura" agerian utzi, eta bere oinarrizko eskubideak errespetatuak izan daitezen eskatzen da. Mozioaren edukia, besteak beste, preso dagoen Lyon Corbas espetxeko zuzendaritza eta Espainiako Barne eta Justizia ministeritzara bidaltzea ere onartu zen.