Juan Carlos Zubia: "Herriko bitxikerien gaineko liburua idazten hasi nintzen 1987. urtean"

Mirian Biteri 2011ko irailaren 6a

Orain dela 62 urte jaio zen Juan Carlos Zubia Eskoriatzako udaletxean. Aita herriko aguazila zen eta txikitan han bizi izan zen. Garai hartako eta gaur egungo bizimoduaz egin digu berba datozen lerroetan.

Edozeinek ezin du esan udaletxean jaio eta bizi izan denik. Nolakoak dira garai hartako oroitzapenak?
Ni jaio nintzenetik bi bider berritu dute udaletxea eta ni jaio nintzen gela hor dago oraindik. Milaka oroitzapen dauzkat, jendea beti gora eta behera ibiltzen zen, eta bazkalorduetan egun hartako kontuak kontatzen ziren. Gainera, lehen gelatxo txiki bat zegoen, kartzela esaten geniona, eta bakar batzuk egon ziren barruan, eta haiek esandakoa entzuten genuen. Jaten ere guk ematen genien haiei.
Hori, udaletxeari dagokionez. Bestalde, plazan bizi izanda, beti ibiltzen nintzen kalean jolasean; milaka jolas genituen, orain desagertu egin direnak.

Orain erretiratuta zaude. Zertan ematen duzu denbora?    
Musikarekin. Lagun batekin askotan joaten naiz kontzertuetara. Horretaz gainera, etxean badauzkat tresnak musika egiteko, hala nola klarinetea eta saxoa; perkusioa, orokorrean. 18 urte nituenean bandan sartu nintzen. Bestela, 1965. urtean-edo Los Kelwers izeneko musika taldean ibili nintzen. Ederlanetik irten zen izena; fundizioko hautsak dira.

Udalean ere bazabiltza aspaldi, soinu ekipoekin...
Hala da. Udalak antolatutako zerbait baldin badago eta beharra egonez gero, gertu nago. Elizan, erretiratuekin edo musika eskolakoen ekimenekin nabil; baita domekan musika jartzen ere.

Gustuko duzu musika entzutea?
Bai, denetarik; pentagraman sartzen den guztia. Oso gustuko dut musika zelta.

Etxafuego eta su artifizialekiko joera ere baduzu...
Musika edo etxafuegoak, zalantzan egongo nintzateke zein dudan gustukoen. Txapelketetara joaten naiz, Donostiara eta Gasteizera bereziki. Lehen, Iruñean ere izaten nintzen. Orduan ez zen txapelketarik egiten.
Koloretsuak, joko eta efektu askotarikoak izan behar dute su artifizialek, eta zaratatsuak; trakaren azken zatiak izugarria izan behar du. Eskoriatzan egindako azkenekoan, 50eko diametroko 300 bonba eta 70eko 400 bota genituen. Bestalde, oraindik gogoratzen dut 2006ko sanpedroetan egindako Piromusikala; gustura egingo nuke ostera ere, baina dirua behar da hako zerbait antolatzeko.

Zinemazalea ere bazara...
Hala da, eta efektu asko baditu, hobeto. Filmak etxean ikustea gustuko dut, baita zinemara joatea ere. Emaztearekin joaten naiz askotan; La boda de mi mejor amiga da ikusi dudan azkena.

Liburu bat idaztea gustatuko litzaizukeela entzun dut...
Joxe Aranburuzabala Trankil historialariarekin batera liburu asko izan nituen esku artean, eta horietan herriari buruzko gauza asko topatu nituen. 1987. urtean, zinegotzi nintzela, herriko bitxikerien gaineko liburu bat idazten hasi nintzen: Cosas curiosas que en el siglo XX han ocurrido en Eskoriatza. 40 orri egin nituen, eta baita gero apurtu ere. Gerora damutu egin naiz; buruan daukat liburua idaztea.

Bestalde, zer da Eskoriatzatik gehien gustatzen zaizuna?
Nire mundua plaza da, mendiak, arkeologia eta historia gustuko baditut ere. Mutikotan, parrokia atzetik ikusten den Eskoriatzako paisaia oso gustuko nuen.

Beste nonbaiten bizi izango zinateke?
Gasteizen. Herria eta hiria da; denetarik dauka eta polita da. Bartzelonara, aldiz, ez nintzateke joango, jende larregi dago-eta; are gehiago, uda partean. Udazkenean joatea gustatzen zait.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak