Fedeak eta Jesus Madinabeitia apaizak ekarrita, poza zabaldu dute albaniarrek Mendiolan

Jon Berezibar 2011ko abuztuaren 22a

Gazte Kristauek eginiko mundu-topaketetatik bueltan, 80 gazte albaniar baino gehiago izan dira gaur Mendiola auzoan Madriletik itzulerako bidaian geldialditxoa eginda. Motibo berezia zeukaten horretarako, hain zuzen, euren komunitateko apaiza, Lezhe herritik gertu, Jesus Madinabeitia da, Mendiolako semea eta dagoeneko han 9 urte daramatza har misiolari moduan. Dantza, abesti eta irribarrez betetako topaketa izan da.

Dantza, kantua eta poza zabaldu dira auzoan goizeko 11:30ak inguruan albaniarren bi autobusak iritsi denean. Besarkada, agur eta ongietorriekin eliza parean elkartu dira auzotarrak eta bisitariak. Madinabeitia berari esker, lotura estua daukate bi komunitateek eta mendiolarrek laguntza ugari bidali dute hara.

Madriletik nekatuta baina pozez beteta etorri dira gazte kristauak eta poz hori ere zabaldu dute jarraian egin duten elizkizun berezian, gazteleraz, euskaraz eta albaniarrez otoitz eginen eta kantu ederrak abestuz. Dantzan, eskuetatik elkarri helduta atera dira Mendiolako elizatik ospakizunarekin jarraitzeko.

Geldialditxo besterik ez da izan, Madinabeitiaren jaioterria ezagutu eta mendiolatarrekin egoteko. Dagoeneko Albaniarako bidai luzean behar dute gazteek.

Jesus Madinabeitia, 9 urte Albanian

Hunkituta eta lagun eta senideen artea pozik egon da Madinabeitia. 9 urte darama dagoeneko misiolari Albanian eta bertan bizi duten behar larriaz mintzo da elizgizona; "Europa izanik ere, urruti geratzen da Albania", haren hitzetan. "Hain mundu ezberdinak elkartu eta batak bestea ezagutu ahal izatea" ederra dela dio Madinabeitiak baina gazte horiek bizi duten askatasun eza ekartzen du gogora berehala. Gazte gehienak Enver Hoxharen diktadura amaitu eta gero jaiotakoak badira ere, oraindik ezin dute "askatasun osoan esan nik hau pentsatu ala sentitzen dut", Madinabeitiak azaltzen duenenez, eta horregatik nahi zuen berak gazteek "senti zezatela zer den askatasunean bizitzea". Horregatik erabaki zuten Madrilen egin diren Gazte Kristauen topaketetara joatea.

"Nazio zatitua eta petsona puskatuak" ei daude oraindik Albanian eta bertako beharren berri ere eman dute gaurko topaketa hunkigarrian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak