Eskoriatzako Gernika plaza bete egin zen atzo iluntzean, Fiachras-en kontzerturako. Hiltzera goaz lan berria aurkeztu zuen taldeak eta asko izan ziren bailara osotik joandakoak.
Zaleek pixka bat itxaron behar izan zuten, emanaldia berandu hasi zen-eta, baina merezi izan zuen.
Doinu dantzagarriak
Erritmoa gorputzean sartuta zuten jarraitzaile sutsuenak, lehen ilaran egon ziren taldearen abestiak ozen kantatuz. Eta izan zen taula gainera igo eta abeslariarekin batera kantatzera ausartu zenik ere. Zaila da euren doinuekin saltoka edo dantzan ez hastea, oso kanta itsaskorrak egiten dituzte-eta.
Fiachrasek punk, rock, eta folk doinuak nahasten ditu ukitu bereziarekin. Izan ere, Saxofoiak eta trikitiak ukitu propioa ematen diote taldeari. Haritz Artola abeslariaren ahots sendoak ere potentzia eskaintzen dio. Eurek honakoa abesten dute euren disko berriko Hiltzera goaz abestian: "rock para payasos, hiltzera goaz".
Ordubete luzez jo zuen taldeak eta amaieran jendea gehiagorako gogoz gelditu zen.
Errekan Gorako azkena
Modu paregabean eman diote amaiera Errekan Gora jaialdiari asteburu honetan. Izan ere, Fiachrasena izan da jaialdiko azken kontzertua. Egubakoitzean, bestalde, The Cherry Boppers taldeak jo zuen.