Malaturen doinu goxoek girotu zuten Errekan Gora

Mirari Altube Arrese 2011ko uztailaren 16a

Aitzorrotz kultur elkarteak antolatutako Errekan Gora ekimena aurrera doa, eta beste bi kontzertu izango dira aste bukaeran: Malatu taldea izan zen atzo, Jose Arana ikastetxeko jolastokian eta gaur, Sokaide, Apotzaga auzoan (22:30)

Jazz erritmo goxoekin eman zien ongietorria Malatu taldeko kideek eskoriatzarrei, egubakoitz gauean. 100 lagunetik gora elkartu zen Ganuza etxearen atzeko partean; adin guztietako entzuleak elkartu ere: gazte, heldu eta nagusi, tartean umeak zirela. Mikel Garciaren gitarrak Iñaki Gabilondoren ahotsa izan zuen lagun hasieran, eta poliki-poliki gainerako instrumentuek ere bat egin zuten haiekin. Hala, gau giro goxoari doinua jarri zioten Gasteiz eta Leintz Gatzagako lagunek, ilargia laino artean ezkutaketan zebilela.

Doinu lasaiekin hasi arren, poliki-poliki dantzagarriagoak etorri ziren, eta bossa, swinga, afrikako erritmoak… eskaini zituzten eta eskoriatzarrak ere animatuaz joan ziren. Laboaren ahotsa gogorarazten duen Gabilondok Laura Ortega piano jolearen ahots indartsua izan zuen lagun hainbatetan.

Folk doinuak gaur, Apotzagan

Gaur, hilak 16, ostera, Apotzaga auzora joango da Errekan Gora, Sokaide taldearen doinuekin gozatzeko. Ortozik izeneko lana aurkeztuko dute Amurrioko kideek eta folk doinuak ekarriko dituzte. Iñaki Kortazar antolatzailearen esanetan orain arteko kontzertuak lasaiagoak izan dira, eta gaurtik aurrera dantzagarriagoak datoz. Datorren aste bukaeran The Cherry Boppers Bilboko taldea izango da, egubakoitzean, eta Fiachras bergararrak, zapatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak