Malatu Gasteiz eta Leintz Gatzagako kideekin 2005. urtean sortutako taldea da. Besteak beste, Itoitz, Ruper Ordorikaren Mugalaris, Potato, Gasteiz Big Band eta Mikel Laboarekin ibilitako eskarmentudun musikariek osatzen dute taldea.
Lehen diskoa aurkeztuko du Jose Aranan, inprobisazioz betetako zuzenekoa eskainiz. Brasilgo melodiak, Europa ekialdekoak, flamenko ukituko doinuak, jazza… fusioa egiten dute horretan. Konplexurik gabeko diskoa dela diote Malatukoek: denera, 12 kantu dituena. Abesti batetik bestera sorpresak sartu dituzte. Cabo Verde, New Orleans, Cadiz eta Lekeitiora eroango ditu zaleak esandako diskoak.
Hamar kantu
Bihar, esan bezala, Apotzagak hartuko du Errekan Goraren lekukoa. Sokaide talde amurrioarrak Ortozik izeneko lana aurkeztuko du hango futbol zelaian. Hamar abestiz osatuta dago, eta oinarri nagusia folka bada ere, askotariko tendentzia eta estiloekin bat egindako kantuek dute lekua bertan. Berez, instrumentuak kontuan izanik, talde horren funtsa folk tradizionala edo folk-rocka dela esan daiteke, baina estilo ezberdinak batzen ditu, sustraiei uko egin barik.
Soka eta aire musika-tresnak lotzen dituen taldea 2009an. urtean osatu zen, Igor Olaguenagarena trikitilaria eta Urko Izquierdo biolin-jotzailea elkartu zirenean; hain justu ere, airea eta soka. Jarraian, Alex Lopez baxu-jotzailea, Josu Barrenengoa bateria-jotzailea, Ander Tejerina gitarra-jotzailea eta Naroa Gaintza abeslaria heldu ziren, guztiak ere eskarmentudunak eta beste hainbat taldetan ibilitakoak.
Aitzorrotz kultura elkartetik ikuskizun bietan parte hartzeko deia egin dute. Biharko emanaldira afariarekin igotzea gomendatu dute; horren harira, taberna egongo dela azaldu dute.