Audience taldearen 'Amerikanuak', Errekan Goran

Mirian Biteri 2011ko uztailaren 9a

Errekan Gora jaialdiaren harira, Audience Gernikako taldeak 'Audience plays Amerikanuak' ikuskizun berria estreinatuko du gurean. 22:30ean hasiko da emanaldia, gaur, zapatua, Huheziko klaustroan.

Audiencen proiektu berria Nacho Reig eta Gorka Bilbao zinemagileek gidatutako Amerikanuak dokumentalerako soinu bandan oinarritzen da. Audiencek filma horrendako zuzenean sortutako 19 kantak, blues, rock eta folk doinutan oinarritzen dira. Dagoeneko ohikoak diren gitarra, biolin, piano eta steel gitarrari, aurretiaz grabatutako oinarri eta programazioak batu zaizkio disko horretan, taldearen lehen lan luzearen antzera, eta esperimentaziora eroaten ditu erritmo tradizionalak.

Nevadara joandakoak

Amerikako musikaren sustraiak eta aukera berrien bila Nevadara joan ziren hainbat euskaldunen historia elkar lotzen dira ikuskizun horretan. Diskoa Jose Lastrak grabatu du. Gaizka eta Ager Insunza, Hannot Mintegia, Andoni Lauzirika eta Mikel Sagarnak osatutako boskotearen lehen diskoak grabatu zituen produktore berak. Hain justu ere, Some Lovely Hands On Dry Skin eta Second Handed izeneko lanak.

Bestalde, atzo Ain_1 taldea izan zen Errekan Goran. Arrasate, Bergara eta Gasteizko neskez osatutako taldea da; hain zuzen, Itsaso Navaridas, Amaia Pavon, Ainara Kortabarria, Maialen Madariaga eta Iraitz Agirrek osatutakoa. Musika kaxa izeneko lana aurkeztuko zuten. Dantza, ikus-entzunezkoak, poesia eta bestelakoak uztartzen dituzte osagai bezala saioetan. "Ukitu intimista du gure lanak. Gure egunerokoari, herriari, auzoari eta gure baitako beldur, maitasun, gorroto, desio eta abarrei kantatzen diegu, errima eta doinu nahiko librean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak