Joseba Gabilondo: "Irlandatik bueltan bisitatu nuen lehenengo tokia Atxorrotz izan zen"

Mirian Biteri 2011ko uztailaren 10a

Eskoriatzako perrexila da Joseba Gabilondo; herrian egiten diren saltsa guztietan sartuta dagoena; tartean, jaietan.

Zelan joan dira sanpedroak?
Oso ondo. Azkeneko urteotako onenak, bai antolatzen ibili garen denon aldetik eta baita parte hartu duen jendearen partetik; azken horiek esan digute oso ondo egon direla, azken urteotako onenetarikoak. Eguena eta egubakoitza oso ondo irten ziren. Danborrada ere itzela izan zen; presoen batailoian irteten naiz urtero. Eguenean, Eingeinketik antolatutako koadrilen arteko jokoak ere ederto irten ziren. Lehenengoak izateko ezin hobeto joan ziren, hamar koadrilak parte hartu zuten.

Zer dira sanpedroak zuretako?
Azken urteotan beherantz egin dute; baina oso onak izan dira, inguruko herrietako guztiak etortzen ziren. Aurtengoarekin bat datorrela uste dut. Gainera, badaude gazte batzuk parte-hartzaileak eta oso langileak direnak, eta eurei esker oso ondo joan da dena. Hori dela-eta, urte hobeak datozela iruditzen zait.

Batukadan ezin izan zinen egon...
Hala da. Lana dela-eta, ezin izan nuen ikusi, baina ikaragarria izan dela esan didate; gainera, bideo bat ikusi dut. Aurtengo sanpedroak herritarrengandik irten dira, eta hori da politena.

Jaiak amaitu dira eta orain lan egitea tokatzen da. Udaleku irekietan zabiltza umeekin...
Bai, oso gustura nabil. Nagusienekin nabil ni, datorren urtean gaztelekura doazenekin. Elkar ezagutzen gabiltza.

Udalekuetan bakarrik ez; gaztelekutik antolatutako Udaeron koordinatzailea ere bazara...
Halaxe da. Oraingoz, nahiko harrera ona izan du; Eskoriatzan eta Aretxabaletan koadrila polita sortu da. Martitzenean, esaterako, orientina izan zuten Urkulun eta gustura ibili zirela esan didate.

Bestalde, teknologia berriak dituzu oso gustuko. Zelan dago www.danbolinerua.com bloga?
Azkenaldian geldi dago. Irlandara abenturan joan nintzenean sortu nuen, hango esperientziak kontatzeko. Gero, teknologia berrien gaineko albisteak sartzen hasi nintzen. Orain geldi daukat, www.eskohitza.com komunitatean beste blog bat dut-eta. 

Blogez gain, Twitter eta Facebooken ere kontuak dauzkazu...
Bai. Bi kontu horiek ditut lotuta, eta, hortaz, batean zerbait idazten dudanean bestean ere agertzen da. Twitterren jende ezezagun gehiago daukat; Facebookeko lagunak ezagutzen ditudanak dira, hala nola informatikariak, blogariak eta euskaltzaleak.

140 karakteretan nahi dugun guztia konta daiteke?
Bai. Batzuetan, agian, motz geratzen zait, eta bigarren tweet bat idatzi behar izaten dut; dena dela, uste dut norberak gura duena esateko nahikoa direla 140 karaktere; askotan, gainera, argazki bat sartuta nahikoa da, horrekin guztia esaten duzu-eta...

Argazki hitza aipatu duzu. Argazkilaritza ere gustuko duzu... Non atera duzu irudi politena?
Leku askotan. Eskoriatzan erretratu eder asko atera ditut. Atxorrotzen argazki oso politak ateratzen dira. Bestalde, Irlandan ere irudi ederrak egin nituen; esaterako, 1916ko altxamenduan fusilatu zituztenen inguruko monolitoa zegoen, eta oso irudi ederrak atera nituen. Lekeitio ere ona da horretarako. Ama hangoa denez, asko egoten naiz han, kostaldea asko gustatzen zait-eta.  

Zelako irudiak dituzu gustuko?
Fokatze desegokiekin jokatzea dut gustuko, baita testurekin ere. Esaterako, aurtengo Errekan Gorako karteleko argazkia nirea da.

Bestalde, Athleticzalea ere bazara. San Mamesera joaten diren horietakoa?
Oso gutxi. Lehen, noizean behin, aitarekin joaten nintzen, baina, azkenaldian, futbolak atzera egiten dit. Athleticzale amorratua naiz, baina futbol munduari nazka hartzen ari naiz.

Mendira joatea gustuko duzu...
Hala da, bereziki Atxorrotzera noa gustura. Irlandatik etorri nintzenean bisitatu nuen lehenengo tokia Atxorrotz izan zen; orduak egon naiteke han begira. Udalaitz ere oso gustuko dut. Pirinioak ere harrigarriak dira, orain gutxiago joaten banaiz ere; lehen urtero joaten nintzen.

Amaitu aurretik, oporrik bai?
Guatemalara goaz abuztuan. Larraitz laguna daukagu han bizitzen eta bera bisitatzera goaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak