Azken txanpan egin dute eztanda Sanpedroek, asteburua eta eguraldia lagun

Jokin Bereziartua Lizarazu 2011ko uzt. 2a, 21:08

Lau eguneko ajearekin esnatu da gaur Eskoriatza. Izan ere amaitu dira Sanpedroak, baita ondo amaitu ere. Aurten jaiak aste barruan izan dira eta horrek eragin zuzena izan du kaleko giroan, herritar askok lan egin behar izan dute-eta. Gainera, martitzenetik eguenera eguraldiak ez zuen larregi lagundu.

Eguenean, arratsaldeko umeen danborrada eta Eskoitzako I. Banderia lortzeko koadrilen arteko jokoak izan ziren ekintza arrakastatsuenak. Bederatzi koadrilek hartu zuten parte eta izan zuen arrakasta ikusita, ziur datorren urtean koadrila gehiago animatuko direla. Lehen bandera Drinking Team koadrilak irabazi zuen.

Haurren danborrada arrakastatsua izan da aurten ere: umeez gain, gurasoek eta aiton-amonek ez zuten hutsik egin.

Egubakoitzean, jaietako azken egunean, eztanda egin zuen giroak. Goizean hasita, giro ederra izan zen plazan. Taloak jateko eta sagardoa edateko aukera egon zen; Herri kirolez gozatzeko aperitibo ederra. Gero, Herri bazkaria: Gorosarri plaza gaineko arkupeetan 360 lagun batu ziren, itzaletan, gogor astintzen zuen eguzkiarengandik babestuz. Sagardo kupelak ondoan zituztela, haur, gazte zein heldu elkartu ziren mahaiaren bueltan. Beste behin ere arrakasta borobila; txartel guztiak agortu ziren.

Bazkalostean aparrak hartu zuen Gorosarri plaza herriko txikienen gozamenerako. Izan ere, apar festan ederto ibili ziren. 

Alkateak, balorazio positiboa

Beñat Hercerendako lehen Sanpedroak izan dira alkate moduan: "Lehen hiru egunetan lan egitea tokatu zitzaidan eta ahal izan nuen moduan aprobetxatu nuen. Hori bai, azken egunean Herri bazkaritik aurrera izan nuen aukera jaiez gozatzeko, inongo ardura barik".

Egutegiak eta eguraldiak lagundu ez arren, balorazio positiboa egiten du Hercek: "Lan egin behar arren hainbat herritarrek izan duten tartetxoa aprobetxatu dute eta oro har ekintzek harrera ona izan dute. Eskoriatzarrek ondo erantzun dute". Aurtengo sorpresarik atseginena koadrilen arteko jokoak izan dira haren ustez.

Egun politena zein izan den esateko ez du zalantzarik: "Eskoriatzarroi azken eguna asko gustatzen zaigu, goizetik hasita hainbat ekintza daude-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak