Kultura aniztasuna jorratuko dute udaleku irekietako 240 umek

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 24a

Joan den urtearekin alderatuta asko handitu da udaleku irekien parte-hartzaileen kopurua. Gazteria Sailetik jakinarazi digutenez, 240 neska-mutiko izango dira aurten; begirale lanetan, ostera, 24 lagun ibiliko dira, eta horietako bik koordinatzaile lanak ere egingo dituzte.

Uztailaren 4an hasi eta hil bereko 22an bukatuko dira udalekuak. 1999 eta 2007. urte bitartean jaiotako haurrei zuzenduta daude, eta ordutegia honakoa izango da: goizean, 10:00etatik 13:00etara; eta arratsaldean, 15:00etatik 17:00etara. Aurten kultura aniztasuna jorratuko dute egiten dituzten ekintzetan; gaia aukeratzerakoan, gainerako tokietan bezala, Eskoriatzan ere gero eta etorkinen gehiago daudela islatu nahi izan dute antolatzaileek.

San Fermin eta irteerak

Ekintzei dagokienez, denetarik egongo dela azaldu digute: askotariko jokoak izateaz gain, urteroko irteerak ere egingo dituzte, hala nola Gamarrara, Degurixara eta Gopegira.

Horrez gain, azken urteotako ohiturari jarraituz, uztailaren 7an San Fermin ospatuko dute, entzierro batekin. Uztailaren 22an azken jaialdia izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak