Garapen Jasangarri eta Parte-hartze batzorde berria sortu du udalbatzak

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 24a

Atzo, eguena, arratsaldean egindako ezohiko osoko bilkuran, udal antolaketari buruzko hainbat gai onartu zituen udalbatzak. Tartean, batzordeetako eskumenak zehaztu eta bakoitzaren presidenteak izendatu zituzten. Sei batzorde izango ditu lanean hasi berri den Udalak, eta horietako bat sortu berria da: hain justu ere, Garapen Jasangarri eta Parte-hartzearen batzordea.

Beñat Herce alkateak jakinarazi digu udal programarekin "koherenteak" izateko asmoz sortu dutela hori. Honakoa esan digu: "Alde batetik, jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomiko, sozial eta ekologikoko gaiak landuko dira horretan, eta bestalde, gai klabeetako bat: parte-hartzea eta gardentasuna, komunikazio eraginkorraz lagunduta jorratuko direnak". Esan bezala, ingurumen, ekonomia eta enplegu, turismo, parte-hartze eta komunikazioaz jardungo da horretan, eta Leire Urtzelai da horren buru.

Alkateak hiru batzorde

Bestalde, alkatea hiru batzorderen arduraduna izango da: Kontu eta Ogasuna, Pertsonala eta Gobernua eta Hirigintza. Azken batzorde horren eskumenak hirigintza, obra eta zerbitzuak eta elizateak-azpiegiturak izango dira. Horretaz gainera, Arantxa Iregi Gizarte Ongizate batzordeaz arduratuko da; gizarte ongizateaz gain, prebentzio, aukera berdintasun eta osasunarekin lotutako gaiak jorratuko dituzte horretan. Azkenik, Kultura batzordea dago, Jose Angel Petralandak zuzenduko duena. Kultura, euskara, gazteria, jaiak, hezkuntza eta kirolak izango dira horren eskumenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak