Karmele Agirregabiria: "Oso dantzazalea naiz; dantzei ez ezik, jantziei begira ere egoten naiz"

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 18a

Atsedenerako denbora barik topatu dugu egunotan Karmele Agirregabiria eskoriatzarra. Bergarako Ubera auzoan bizi da, eta lanetik irtetean hango jaietan ibili da. Tartean, zapatuan, Jesus Elortza senarra Bergarako alkate izendatu zuten. 

Lehenik eta behin, zelan joan dira alkate ezkontide moduan igarotako lehen egunak?
Ederra izan da: hunkigarria. Jende askoren hurbiltasuna sentitzeko aukera izan dugu.

Egun mugituak izan dira, Bergarako jaietan murgilduta egon zarete-eta asteon. Zelan?
Oso ondo. Oso giro polita egon da. Eguraldiak ere lagundu digu, eta, alde horretatik, kexarik ez. Dena dela, nik erdixka bizi izan ditut, lanean egon naiz-eta.

Dantza sueltoko txapelketan ikusi zaituzte...
Bai, ahal dudan guztietan joaten naiz. Segurara ere joaten gara. Zalea naiz. Dantzei ez ezik, jantziei ere begira-begira egoten naiz.

Zu zeu ere dantzaria zara... 
Bai, dantzaria izandakoa. Umetan Gorosarri dantza taldean ibili nintzen, ahizpekin batera. Oroitzapen politak ditut garai hartakoak, talde handia ginen. Talde berean txistulari ere ibili nintzen.

Gaur egun, Leintz euskaltegiko zuzendaria zara. Gogorra da euskaltegi bat zuzentzea?
Oso talde ona osatzen dugu. Oso harreman ona dugu, eta zuzendaritzan neu agertzen banaiz ere, lankideek laguntza handia ematen didate; horrek, nola ez, ikaragarri errazten du lana.

Nola ikusten duzu euskara?
Kantitatearen alde egin dugu, kalitatea ahaztuta. Gaztetxoek jakin badakite, baina darabilten mailak zer hobetu badauka. Hori denon ardura dela dudarik ez dut. Gaztetxo biren ama izanda, beste kontu batek ere kezkatzen nau: gaztetxoak gero eta goizago hasten dira euren artean gaztelaniaz, horri aurre egiteko neurriak denon artean landu beharko genituzke.

Eskoriatzarra bazara ere, Bergaran bizi zara; hain justu ere, Uberan. Gustura?
Bergara leku ona da bizi izateko. Uberara ezkondu nintzen, eta oso gustura bizi naiz. Oso leku lasaia eta polita da.

Eskoriatzatik ezer igartzen duzu faltan?
Etxekoak, ahizpekin kafetxo bat hartzeko aukera izatea; dena dela, aitzakia gutxi behar izaten dut, autoa hartu eta Eskoriatzara joateko. [Barre]

Bergarako jaietan ibili ostean, sanpedrotarako gertu?
Bueltatxoren bat egingo dugu, nola ez. Aurten zita berezia daukagu txikien danborradan, iloba txikiak parte hartuko du, eta denak joango gara ikustera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak