Aste Zapatista borobila egin dute Eskoriatzan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2011ko ekainaren 12a

Balorazio "oso positiboa" egin dute Zapatisten aldeko jaiaren inguruan antolatzaileek. Aste guztian egin dituzte ekitaldiak, eta atzo, zapatua, bazkariarekin eta jaiarekin borobildu zuten astea.


Goizean zehar jokoak izan zituzten plazan; gainera, Juanma Tatu tatuaje egilea ere han izan zen maien tatuajeak egiten.

100 lagun bazkaritan

Bazkaritarako 84 lagunek eman zuten izena, eta antolatzaileak eta laguntzaileak gehituta 100 lagun inguru egon ziren herri bazkarian. Janari mexikarra izan zuten bazkaltzeko.
Ondoren Rosa Sanchez abeslariak emanaldia eskaini zuen. Lehenengo mahaian bertan hasi zen abesten, baina han bildutakoek eskatuta oholtza gainera igo zen ondoren. "Ahots izugarria du", esan du jaialdiko antolatzaile Jurrek. Hala, hara joandakoek Costa Ricako abeslariaren ahotsarekin gozatu zuten.Senegaleko Pascal perkusio jolea ere izan zen Eskoriatzan. Emanaldi motza egin zuen, baina emozioz betea. Bestalde, alanbike erakustaldia ere egin zuten Eskoriatzako plazan. Iluntzean, berriz, kontzertuak izan zituzten jaia girotzeko.

Udalari eskerrak eman dizkiote

Gaur amaitu dute Aste Zapatista. Rosa Sanchezek nagusien egoitzan eskaini du Desde Costa Rica con amor musika emanaldia. Gainera, Egiptoko dantzen ikuskizuna ere izan dute.
Aste Zapatista antolatzen ibili direnek eskerrak eman gura dizkiete laguntzaileei, batez ere Udalari. Herritarren artean harrera ona izan duen ekimena izan dela esan dute; horren harira, hitzaldietan batutako jende kopurua nabarmendu gura izan dute. Egubakoitzean, esaterako, 21 lagun elkartu zirela diote. "Oso pozik" daudela eta "ekimen positiboa" izan dela nabarmendu dute eskoriatzako lagunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak