Herri bazkari ekologikoa dute Luis Ezeizakoek zapatuko jaialdian

Mirian Biteri 2011ko ekainaren 9a

Urtero moduan, ikasturteari amaiera emateko jaialdia egingo dute Luis Ezeizakoek zapatuan. Aurtengo festa, dena dela, berezia izango da: herri eskolak 40 urte bete ditu ikasturte honetan, eta, urteurrena dela-eta, ospakizunetan murgilduta dago.

11:00etan hasiko dira ekimenak, ikastetxeko neska-mutikoen emanaldiarekin; plazan izango da hori. Ordubete geroago, eguerdian, jolasak izango dira toki berean.

Eguerdian herri bazkaria izango dute eskolako jolastokian. Biolurkoek bazkari ekologikoa gertatuko dute 50 lagunendako. Bazkalostean, berriz, askotariko ekimenak izango dituzte umeek. Besteak beste, apar festa, puzgarriak, jokoak eta musika izango dituzte. Eguraldi txarra eginez gero ekitaldiak pilotalekuan egingo dituztela jakinarazi dute Luis Ezeizatik. Horrekin batera, nabarmendu dute ekintza guztiak irekiak direla, eta edozeinek parte hartu ahal izango duela.

Bestalde, urteurrena dela-eta ikastetxearen ibilbidea jasotzen duen Luis Ezeiza, 40 urte erakusketa bisita daiteke bihar arte herriko kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak