Aste osoan hitzaldiak eta bestelako ekintzak egin ostean, egun osoko jaialdia izango da zapatuan, zapatismoaren harira. Eguerdian, maien tatuajeak egiten egongo da Juanma Tatu, plazan. Jarraian, herri bazkaria egingo dute, janari mexikarrekin.
Bazkalostean, Rosa Sanchezek Desde Costa Rica con amor kantaldia egingo du. Alanbike erakustaldia ere izango da, Extremadurako Victor Errementariaren eskutik. Gauean, 22:00etan, kontzertuak eta disko-jartzailea izango dira plazan.
Gaurko ere bi ekimen gertatu dituzte: 19:30ean, MST, Brasilgo nekazal erreformaren aldeko borroka hitzaldia eskainiko du Iñaki Arnaizek, kultura etxean. 22:15ean, ostera, El Infierno ikusi ahal izango da plazan. Bihar, egubakoitza, ere hitzordu bikoitza dago: 19:30ean, Titirimundi pedaletan: Nekong ibaian zehar bizikletan hitzaldia egingo du Josu Velaskok eta 22:30ean, Eunon, bi kate, biak ebaki beharrekoak antzezlana izango da unibertsitatean, Jurgi Etxeberriaren eskutik.
Bestalde, domekako hitzorduak zaharren egoitzan izango dira; hain justu, Rosa Sanchezen musika emanaldia eta Egiptoko dantzen ikuskizuna.